Pages

Euskal Herria etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Euskal Herria etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2013-01-07

MUS TXAPELKETA egingo dugu Trapagaranen. Euskal Herriko ligaren barruan.


Badira 10 urte Euskal Herriko mus txapelketa antolatzen hasi zela. Urteen joanean, txapelketa indartu da eta aurtengoan kanporaketa bat Trapagaranen antolatzea erabaki dugu. Lehenengo fasean herrietan egiten dira kanporaketak, ondoren herrialdeetako kanporaketak egiten dira (Araba, Nafarroa, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Zuberoa)  eta azkenik Euskal Herriko finala

Trapagaranen badugu musean aritzeko ohitura baina ez da inoiz Euskal Herriko txapelketaren barruan kanporaketarik antolatu. Gaztetxean jokatuko da Trapagarango kanporaketa. Hasi gaitezen gu ere herriko txapelketa antolatu, urtez urte zabaldu eta sendotzen. Animatu eta parte hartu!! 

euskal herriko txapelketaren barruko eliminatoria
URTARRILAren 19an, larunbata
17:00etan gaztetxean
izen ematea 20euro  
(Itsaso edo Muga tabernan eman izena)

Euskal Herriko txapelketako sariak: 

2011-11-02

Ostiralean herriko presoek egunkaria izan dezaten kontzertua egingo da gaztetxean.



Ihes egindako, zigortu zein presoekiko afinitatea beti izan da handia lurralde disidenteetan. Euskal Herrian aspaldikoak dira errepresioa bere gordinean sufritu duten familiei babesa, laguntza eta elkartasuna adierazteko ekimenak. Horrela egiten ziren Lizarraldean adibidez lehenengo gerra karlista galdu ondoren Kuba zein Hego Amerikara joan behar izan zuten ehunka nafarren familiei laguntzeko diru bilketak, eta berdin antolatu ziren hainbat herritan 1936ko gerran zigortutako gudarien familiei laguntzeko. Ordutik frankismotik gaur egundaino izan dira presoak eta zigorrak eta hauei laguntzeko, elkartasuna adierazteko, familiak eta lagunak babesteko antolatu dira hainbat komite. Hauetako beste bat dugu ostiral honetan gaztetxean ikusiko duguna.


Urrun, oso urrun dauzkate giltzapeturik herriko presoak, Zigor Curtisen (A Coruñan), Oskar Cordoban eta Nerea Madrilen. Urrunduak, isolatuak, Euskal Herriaren berri jakitea izaten da hainbat euskal presoren indar iturria. Horretarakoherriko hiru presoek egunerokotasunez Euskal Herriko aktualitatea jarraitu dezaten, antolatzen dugu "Preso bat, egunkari bat" jaialdia.

Kontzertuan aterako den dirua beraz Zigor, Oskar eta Nereari egunkari baten urteko harpidetza ordaintzera bideratuko da. Egoera berrian gaudelako, biolentzia bakarra orain estatuarena delako, egiazko konponbidea nahi dugulako. PRESOAK ETXERA NOW!

"Preso bat, egunkari bat" kontzertua
Trapagarango gaztetxean.

Azaroaren 4ean, ostirala, gaueko 21:30tan, 4 euro.

-Salbuespunk
-Feos pero Majos

2011-11-01

EUSKAL HERRIKO GAZTEOK ZER?



Euskal gazteriaren tendentzia, gustu eta ekintza berrien inguruan ikerketa soziologikoa egin du IPES-eko ikerlari talde batek. Euskal Herriko 7 lurraldeak aintzat hartuta gizarteko aldaketek zein eragin dute gazteriaren kultur espresioetan? Dantzan, musikan edo antzerkigintzan?

Egun politika egiteko modu berriak agertu dira, zein dira espresio hauek? Zein da gure konpromisoa mugimendu berriekiko? Zein da indibidualismoaren eragina guregan? Teknologia berriek zein eragin dute gazteon ohituretan?

Ikerketa lan hau dokumentatu eta liburuxka batean bildu dute. Bihar bertan egingo dute lan honen aurkezpena BILBOn.

Bihar, Azaroak 2 aurkezpena
19:30etan La BOLSA eraikinean
BILBOko alde zaharrean

ETA GAZTEOK ZER? Euskal Herrian gazteon aldaketa eta joera soziopolitikoak

Amaitzeko ikerketa honetan interesa dutenentzat hemen jartzen dugu PDF artxibo batean eskuragarri ikerketaren ondorio den liburuxka:

Eta GAZTEOK ZER? (PDF): https://sites.google.com/site/giteipes/artxiboak/liburuxka_etagazteokzer_web.pdf?attredirects=0&d=1

2011-08-19

Datorren ostegunean, GAZTETXEEN ALDE! Bilboko Aste Nagusian.


Kukutzaren auzia oinarri hartuta gaztetxeen aldeko zita jarri dute Bilbon datorren ostegunerako. Bilboko Aste Nagusian, Manifestaziorako deialdia zabaldu du Bilboko Okupazio Mugimenduak (BOM). Azkenengo hilabeteotan, hainbat gaztetxek eta gune liberatuk jasaten ari diren oztopoak, kolpeak zein proiektu libre eta autogestionatuen ixteak salatzeko. Instituzioen aldetik gaztetxe eta proiektu autogestionatuen aurkako erasoa orokorra izan da azken hilabeteotan, prentsa begiratu besterik ez dago. Plentziako ermitatze gaztetxearen ixtea, Portugaleteko koskoenea ixtea, zallako gaztetxeari su ematea edo kukutzaren egoera dira egoeraren erakusgarriak.

Horregatik, Euskal Herriko gaztetxe guztiek bat egiten dugu osteguneko manifestazio deialdiarekin, proiektu libre eta autogestionatuen alde. Auzo, zein herrien autoeraketa proiektu kolektiboen alde, Abuztuaren25ean, osteguna, arratsaldeko 17.00etan, Bilboko plaza zirkularrean izango gara. ZABALDU MEZUA!

Egun osoan zehar ekimenak egongo dira, manifestazioaz gain, bazkari herrikoi erraldoia, errekaren okupazioa, sikoblok-a, kontzertuak eta...

BUSTI GAZTETXEEN ALDE!
abuztuak 25, osteguna
17:00etan plaza zirkularretik
MANIFESTAZIOA!

2011-08-16

DONOSTIAKO PIRATAK: Jai herrikoien erakusgarri.

10 urtetan zerotik egiazko alternatiba izatera pasatu dira Donostiako Piratak. Donostiako Aste Nagusia beti karakterizatu da guretzat bere elitismoagatik edo jai prefabrikatuen famagatik. Azken urteetan ordea, Donostiako piratek erakutsi dute proiektu konkretu batean kolektiboki sinistuz eta lan eginez posible dela haien hirira egokitutako alternatiba herrikoi eta partehartzaile bat sortzea.

Abordaia da Donostiako Piraten sinboloa eta ekintza jendetsuena. Arrakasta itzela eta indar izugarria hartu du ekimen herrikoi honek. Goizean goiz elkarturik Donostiako kaian biltzen dira kuadrillak eta bertan muntatzen dituzte balsak, elkarrekin bazkaldu eta arratsaldean portutik Kontxako hondartzara iristen saiatzeko. Aurtengo ekitaldian 5000 pertsona inguruk parte hartu dute.

Arrakasta honen erakusgarri da urte luzeetako ukazioaren ondoren aurten azkenik udalak "la flamenca" jai gunea muntatzeko baimena ematea piraten mugimenduari eta horrela Donostiako aste nagusian piratek antolatzen dituzten pilaka ekintza partehartzaile, zein kontzertu duintasunez eta zentraltasunez garatu ahal izateko. Indar metaketa eta herriaren baldintzak baliatzea izan da gakoa. Guk ere geurean badugu lan egiteko.

2011-07-01

EHZ festibalak ateak ireki ditu gaur Heletan (Baxe Nafarroa)

1996ean egin zen lehenbizikoz Euskal Herria Zuzenean festibala, kapitalismoa eta globalizazioari aurre egiteko, alternatiba kulturala eraikitzeko gaitasuna dugula agerian utzi nahiean. Jadanik hamasei urte, milaka laguntzaileri esker EHZ plantan eta oztopo meteorologikoak, ekonomikoak edo geografikoak gaindituz EHZk .

Geroztik 8000 inguru laguntzailek, 500 bat musika taldek eta 300 000 festibalzalek EHZn parte hartu dute. Zifra horiek hobetzeko prest badator EHZ hamaseigarrena.

Hiru egunez, bost eszenatoki eta 60 emankizun hori izango da EHZ festibalaren eskeintza. Musika estilo asko, nazioartekoa (Bongo botrako, Tokyo Sex Destruction, edo Tiken Jah Fakoly) zein Euskal Herrikoak (Ken 7, Gose, Betagarri edo Anari) eta programazio aberatsa bilduko ditu jaialdiak Euskal Herria bizirik dela erakutsiz.

Festibal alternatibo eredugarria

Logika komertzialari uko egiten dion festibala da EHZ. Enpresa handien babesa baztertuz boluntario eta laguntzaileen lanean oinarritzen da festibalaren antolaketa, (this is not BBK live!) baita beste gizarte eredu baten aldarrikapena egitean eta praktikara eraman eta 3 egunez eredu horretan bizitzean.Europa mailan alternatiboki antolatzen den festibal gutxietariko bat da EHZ. Urik gabeko komun ekologikoak, zabor bilketa berezitu eta eredugarria, sare alternatiboko edariak, bazkari eta elikagai ekologikoak...

Musikaz gain hitzaldiak, antzerkiak, haurrentzako emanaldiak, dokumentalak, akle animazioak...
Milaka lagunek festibalaren baloreak diren euskal kultura eta hizkuntza, euskal preso politikoen eskubideen defentsa, globalizazioaren aurkako borroka eta orohar, elkartasuna, partekatuko dituzte festa giroan Baxe Nafarroako Heleta herrixkan. Muga geografikoa, politikoak, sozialak eta kulturalak gainditzeko gogoz "mugetatik'at" lelopean haren hamaseigarren edizioa ospatzen du festibalak.
extrait pour code de vidéo....

2011-06-07

EGIN DEZAGUN BIDEA

Nork ez dauka gaur egun seme-alaba, lagun, senide, ezaguna kartzelan? Asko dira gaur egun preso dauden euskaldunak. Gehiegi dira gure herriaren askatasunaren bila barroteak aurkitu dutenak. Haien herriarekiko maitasunagatik hasi ziren borrokan, eta egun batean bere burua ziega ilun batean aurkitu zuten. Gure herria bezala, haiek ere haien askatasuna ukatuta ikusi zuten. Kartzelan sartu zituzten pertsonak ez balira, haien eskubide guztiak kentzen, haien familia eta lagunengatik urruntzen. Egunero barroteen artean, egunero bakardadea, jipoiak, torturak…

Kanpoan sakabanaketaren beste aldea, guk, familia eta lagunak. Bizitza aurrera doa, baina gure bihotzetan zintzilik bizi dira. Astebururo errepidean gaude. Istripuak, arazoak espetxeetan… Milaka eta milaka kilometro egiten ditugu kristal lodi eta hots baten atzean 40 minutu elkar ikusteko.

Hau aldatzeko garaia heldu da. Asko izan ginen urtarrilean, egin genuen urratsa. Orain bidea egiteko eguna heldu da. Datorren igandean, ekainak 12, guztiok egon behar gara Bilbon. Gure oihuak entzun egingo dira espainiako eta frantziako espetxe guztietan!

ESKUBIDE GUZTIEN JABE EUSKAL PRESOAK ETXERA!

EKAINAK 12, IGANDEA GOIZEKO 12.30ETAN GUGGENHEIMETIK

MAITE ZAITUZTEGU!!!

2011-05-01

Aukera guztiak hauteskundetan egon daitezen: ILEGALIZAZIORIK EZ!

BILDUren ilegalizazioarekin izugarrizko kanapaina egin dute azken asteotan Espainiako komunikabide eskuindarrek azken asteotan. Benetan beldurgarria da Espainian gertatzen ari dena. 40.000 pertsona baino gehiago daude hauteskundeetan aurkeztu ezinik, deliturik egin gabe baina aurreko hauteskundeetan ilegalizatu dituzten alderdien zerrendetan joan direlako. Europan ez da halako egoerarik ezagutzen. Deliturik ez duen jendea, zerrenda beltzetan sartuta eta bere eskubideak kongelatzwen dizkietenak.

Larriagoa da oraindik BILDUrekin Espainiako auzitegietan eramaten ari diren prozesua. EA eta Alternatibako jendea, Euskal Herrian indar ezkertzale eta bateratu sendo bat osatu nahi duten ehundaka pertsona independienterekin batera hauteskundeetara aurkeztea debekatu nahi dute. Helburua bakarra dute buruan, ideia independentista eta ezkertzaleak dituen jendearen aukera hauteskundeetatik kanpo uztea.

XXI.mendeko inkisizioa bezala, informe polizialak dituzte oinarri nor aurkeztu daitekeen eta nor ez proposatzeko. Kontzertu batzuetara joatea edo hauteskunde plataforma ezberdinen alde sinatzea dira akusazio oinarri. GARA egunkariko kazetaria izatea edo manifa legal batera joatea. Bitartean Espainian ehundaka hautagai lapur, ustelkeria eta "malversacion de fondos" kasuetan nahasiak berriz ere aurkezten dira PSOE eta PPren zerrendetan. Baina horiek ez dute aurkezteko arazorik.

Non ikusi halakorik? Espainiak ez du sekulan kultura demokratikorik izan eta berdin jarraitzen du.
Munduan gutxi dira horrelako kasuak, Hego Afrikako ANC (African National Congress) alderdiaren ilegalizazio urteak (1960-1992) hartu daiteke konparazio bezala, harik eta 1980. urtean aliantza demokratiko zabal osatu eta hauteskundeetan azaldu zen arte. Gaur egun Turkiarekin alderatu daiteke alderdi Kurduak legez kanpo uzteko Espainiako alderdien legea hartu baitu oinarri Turkiak.

Egoera dena den lotsagarria da, bakarrik haiek bezala pentsatzen dutenei utzi nahi diete bozkatzen, gero Espainiako errestaurazioan bezala, izan Cánovas edo Sagasta, botera partekatu eta haien negozioak egiteko. Onartezina da.

BILDUk kontzentrazioa deitu du asteartean Trapagaranen. Aukera guztiak hauteskundeetan egon daitezen. Pertsona guztiek herrian ideia poltiko ezberdinak izan gora behera eskubide berdina izan ditzagun. Han izango gara.

KONTZENTRAZIOA
todas las opciones, todos los colores ILEGALIZAZIORIK EZ!
maiatzak 3, asteartea
20:00etan La Caixa parean

2011-04-26

1937ko apirilak 26: GERNIKA

Orain dela 74 urte, gaur bezalako egun batez gertatu zen Gernikako bonbardaketa. Poblazio zibilaren aurkako lehenbiziko bonbardaketa indiskriminatua izan zen Gernikakoa. Trintxerako gerratik bonbardaketa masiboen gerretara pasatu zen, eta horrela gaur egun esan dezakegu zibilak direla oraingo gerretan gehien sufritzen dutenak.

1937ko udaberria zen eta gerra hasia zen Espainian. Militarrak altxatu ziren Frente popularreko gobernuaren aurka eta koiuntura horretan euskal abertzaleek PNV eta ANVren gidaritzapean faxisten aurka eta gobernu errpublikarraren alde borrokatzea erabaki zuten. Horrela sozialista, anrkista, komunista eta abertzaleekin Eusko Gudarostea osatu zen. Aldi berean Espainiako gobernu errepublikarrak euskal lurraldeentzako autonomia onartu zuen. Ordurako frentea Bizkaiko mugan zegoen eta Eusko Jaurlaritzak Bilboko Carlton hotela hartu zuen egoitza bezala. Denbora gutxian euskal txanpona, armada eta abar eratu ziren.

Fraxistek lehen bait lehen Madril hartzea zuten helburu, gerra azkarra nahi egin , indarrak aldiz, berdinduta zeuden eta hasierako saiakeran ez zuten Madrilen sartzea lortu. Orduan estrategia aldatu eta iparraldeko frontea hartzea jarri zuten helburu. Fronterik ahulena zen, isolatuta zegoen eta zuten antolakuntza sendorik. 1937an Bizkaiko frontean faxisten ofentsiba hasi zen. Bonbardekata ugari izan ziren. Durango, Otxandio, Trapagaran ere bai bonbardatu zuten. Apirilaren 26an berriz, Gernikaren txanda izan zen, herria erabat suntsituta gelditu zen, 300 pertsona inguru hilik. Euskal Herriaren askatasun nahia kolpaturik eta gerra galdu ondoren beste belaunaldi berri bat heldu behar izan zen, frankismokoaren aurrean euskal herriaren sugarrari indar eman eta eusteko. Gerrak ulertzeko modua ere erabat aldatu zen.


Denbora pasatu da, baina ez dezagun ahaztu gauzak nola izan ziren, berriz ere ez daitezen errepika.

2011-04-22

ABERRI EGUNA: Herriaren Eguna.


Munduko estatu guztiek dute haien eguna. Espainiak urriaren 12an ospatzen du bere eguna ameriketako konkista eta herrien zapalkuntza oinarrituta Espainolak Ameriketara heldu ziren eguna oinarri hartuz. Frantziak ere bere inperio nahia aldarikatzen du uztailaren 14ean.

Munduko herri zapalduentzat ordea beste zentzu bat hartzen du egun honek. Askatasunaren aldarrikapena, munduan gainontzeko estatuekin batera egoteko eguna: egun hau Diada deitzen da Katalunian, Newroz kurdistanen eta aberri eguna geurean.
PNVk deitu zuen lehenbizko aldiz aberri eguna 1932ko bazko igandean ospatu zen Bilbon eta 60.000 pertsonek parte hartu zuten. Horrela jarraitu zuen 1933, 34 eta 35ean. Donostian, Gasteizen eta Iruñean ospatu zen harik eta 36ean gerra hasi eta Frankismoan debekaturik gelditu zen arte.
1963an lehenbiziko aldiz PNVtik kanpoko talde batek Aberri Eguna eitu zuen, Itsasun (Lapurdin). Hortik aurrera 1966an ETAk aberri egunerako deialdia egin zuen Irun-Hendaian eta 1967an Iruñean (Azken honetan 300 atxilotu egon ziren).

Transiziotik aurrera ordea alderdi bakoitzak bere kabuz deitzen zuen aberri eguna gaur egun INDEPENDENTISTAK sareak, kaleko herritarrez osatuta eta independentziaren lema hartuta aberri eguna alderdikeriatik kanpo eta herri bezala ospatzeko deia egiten hasi den arte. Aurten Gernika eta Baigorrirako deia egin du INDEPENDENTISTAK sareak. Garai berriak datozen seinale. Euskal Herria, herri bat munduan. Espero dezagun laster aberi eguna ospatzeko beharik ez izatea.

2011-04-12

31 urte kartzelan eman ondoren bihar itzuliko da "Gatza" etxera.

Jose Maria Sagardui "Gatza", Europan urte gehien kartzelan daraman pertsona da. 1980ko uztailaren 8an atxilotu zuen Guardia Zibilak eta ordutik espetxean dago. Bihar 31 urte luzeren ondoren irtengo da espetxetik eta itzuliko da etxera. 1995ean irten behar zen kalera, baina euskal presoa izateagatik kondena osoa betetzera zigortu dute.
31 urte espainiako kartzeletan, denbora horretan zenbat aldaketa, zenbat atxilotu, kartzela, bidai eta sufrimendu. Gatzak Andaluziako kartzeletan eman du denbora gehiena, horrela, bere guraso eta senideak astebururo bidaia amaigabeetan murgilduta bizi behar izan dute denbora guzti hau. 31 urte luze hauetan zenbat saiakera, amets, proiektu eta asmo.

Entrevista a Begoña Moja y Santos Sagardui

Orain Euskal Herrian bide berri bat hastera goazen honetan badator Jose Mari etxera. Lortuko ote dugu askatasunerantz , gure nortasun eta herri eraikuntzan aurrera egiteko bidean asmatzea?

Jose Mari atxilotu zutenean bezala, 36ko gerrara gudari joan ziren haiek bezala, orain ere bai bagaude Euskal Herri aske baten alde konprometiturik gauden gazteak. Ehundaka, milaka... eta bagoaz bidean aurrera. Konpromisoz, saiatuz, amestuz, ekinez... lortuko dugu!

ONGI ETORRI ETXERA GATZA!
Omenaldi ekitaldia
Apirilak 16, larunbata
17:30etan Zornotzan

2011-03-31

LEGALIZAZIOAREN ALDE larunbatean Bilbora.

Kataluniako 200 pertsonalitatek Euskal Herrian egiazko demokrazia eta bakearen aldeko agiri bat sinatu eta publiko egin dute. Espainiako estatuaren inboluzio politikoa salatu dute eta askatasun zein eskubide demokratikoak eskatu dituzte.

Espainiako auzitegi gorenak ez du SORTU alderdia legez kanpo utzi du eta ez dio udal hauteskundeetara aurkezten uzten. Soziologo guztiek esaten dute, Euskal Herria plurala da, tendentzia ideologikoak 4 bloke handitan banatzen dira, ezkerra-eskuina, abertzale eta españolista. Erabaki honekin ezkertiar eta abertzale den sektorea jokoz kanpo utzi nahi du Espainiako gobernuak.

Ze demokrazia klase da hori? Zergatik dio beldurra aukera horri? Enpresa eta lagunen negozioetan segitu nahi dute beste alderdi politiko guztiek, PP-PSOE artean agintea banatuz Espainian, PSOE-PNV artean Euskal Herrian. Aipatzen dute demokrazia, Espainian ordea demokrazia gutxi, herri mugimendua hilik, ezker sindikatuak erosirik, Cánovas eta Sagasta. Lehen bai lehen lortzen badugu independentzia hobeto biziko gara, eskubide demokratiko guztiekin, egiazko hauteskundeekin.

Horregatik joango gara larunbatean Bilbora, aukera guztiak, kolore guztiak hauteskundeetan egon daitezen.

Apirilak 2, larunbata
17:30ak La Casilla (BILBO)

2011-03-21

Abertzaleak goruntz Ipar Euskal Herriko hauteskunde kantonaletan.


Ipar Euskal Herriak ez du errekonozimendurik, ez da existitzen Frantziako egituraren barruan. Kontseilu Orokorrerako hauteskundeak egin zituzten atzo. Kontseilu Orokorra Pauen dago, Euskal Herritik kanpo, horrek Euskal Herriko berezko arazoak eztabaidatzea oztopatzen du eta bertako arazoei aurre ezin egitea. Kontseilukideak eskualdez eskualde (Kantonamenduak) aukeratzen dira, 2 itzulitan. Lehenengo itzulian nahi beste zerrenda aurkezten dira, lehenego itzuli horretatik 2 zerrenda bozkatuenak pasatzen dira eta hamabost egun beranduago bi zerrenda bozkatuenen artean beste botaketa bat egiten da. Bozka gehien dituena izango da kontseilaria hurrengo 4 urtetan. Atzo Ipar Euskal Herriko 11 eskualdetako hauteskundeak egin ziren. Abertzaleek Garazi eta Iholdi eskualdetan bigarren itzulira pasatzea lortu dute.
Emaitzak nahiko onak dira, barnekaldean aukera sendoa da abertzaleena. Kostaldeko hirietan ordea oraindik bada lan handia egiteko. Abertzale proiektua badoa aurrera, Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberuan desberdintasunak gaindituz Euskal Herria BAI (EHBAI) koalizioa konsolidatzea eta abertzale bakar bezala indarrak elkartzea ahalbidetu delako.


Abertzale proiektua badoa aurrera, hauteskundeen gainetik gure proiektua kalez kale, etxez etxe, lagunez lagun lantzen ari baikara. Euskal Herria herriz herri eraikitzen ari gara eta hor Euskal Herri luze zabaleko abertzale guztiok itsasontzi berean goaz Baxe Nafarroatik Trapagaranera.

2011-03-02

Joan den astean Baxe Nafarroan agerraldia egin zuten 8 gazte iheslaritatik 7 atxilotu dituzte.


Urrian ihes egin behar izan zuten etxetik. Polizia segimenduak nabaritu zituzten eta atxilotuak izango ziren susmoan etxetik alde egin zuten. Operazio polizial horretan beste 13 gazte atxilotu zituzten eta sartu zituzten kartzelan, beste 8rek ihes egitea lortu zuten. Ez zizkieten etxean armak topatu, ez zieten beste materialik topatu. Euskal Herri independiente baten alde antolatua egotea, gazteen arazotaz kezkatzea eta inplikatzea izan da haien delitua. Haien moduan elkartzea eta SEGIkoak izatea.

4 hilabete egon dira ezkutuan 8 gazteak, lagunen etxeetan babestuak, atera gabe, guraso eta lagunekin hitz egin gabe. Ez dute ordea ezer egin! Horregatik joan den astean haien gordelekutik atera eta Izpura herrian (Baxe NAfarroa) prentsari deituta itxialdian jarri ziren.

Bizi publikoa eramango zutela esan zuten, iparraldean (Lapurdi-BaxeNAfarroa edo Xiberuan) bizimodua egituratzen hasi. Euskal Herriaren aldeko konpromiso eta borrokarekin segitu. Joan den aste osoan zehar horretan elkarte, sindikatu, kolektibo eta talde politiko askok adierazi zien elkartasuna eta babesa 8 gazte hauei. Horrela iparraldeko hainbat zinegotzi gazteak haien etxeetan hartzeko prest zeudela adierazi zuten. Horrela hasi dira gazteak iparraldeko hainbat hautetsiren etxeetan bizitzen.

IRATI TOBAR - Portugaleteko gaztea
(8 gazteetatik libre dagoen azkena)

Espainiako gobernuaren eskaria ordea berehala heldu da. Eskatu du gazteak Espainiara eramateko (Euroagindua) eta Frantziako gobernuak onartu. 8 gazteetatik 6 jadanik atxilotu ditu Frantziako poliziak eta epaileraren erabakiaren zain daude. Noiz arte horrela? Noiz amaituko da euskal gazteen aurkako persekuzio eta jazarpena? Independentzia eta sozialismoaren alde gaude, herrietan auzoetan lanean gaude, utzi bakean! Euskaldunak Euskal Herrian libre!

2011-02-24

Kanpotarrak gara gure herrian. Izpurako 8rak lekuko.

Iragan urrian izandako gazteen aurkako atxiloketetatik ihes egin zuten 8 gazte itxialdian jarri dira Izpuran (BAxe NAfarroa). Astelenean hasita aste bateko itxialdia hasi dute haien egoera salatzeko.


Gazteak dira, Espainiako kartzeletan dauden haien lagunak bezala ez zuten armarik etxean, txostenak, pegatinak, kamisetak, jai herrikoien alde lan egitea, gazteak bildu eta antolatzea, horiek izan dira haien delituak. Horregatik atxilotu, 5 egunez Espainiako poliziaren eskuetan inkomunikaturik egon eta sartu zituzten kartzelara haien lagunak. Finean, euskaldunak, gazteak eta abertzaleak izateagatik. Arriskutsua da hori Espainian.

8 gazte hauek poliziaren atzaparretatik ihes egitea lortu zuten, muga pasatu eta Lapurdi, Baxe Nafarroa edo Xiberuara heldu ziren. Frantziaren menpe dauden euskal lurraldeak. Hizkuntza bera, askatasuna amesten duen lur bera, herri bera.

Euskaldunak ordea ez gara libre gure lurrean. Milaka izan dira Pirinoen hegoaldeko ibarretatik historian zehar iparraldera ihes egin dutenak espainiar poliziengandik ihesi, soldaduskari desertatuz, gerra zibiletik ihesi, karlistadetatik ihesi eta alderantziz, inkisizioari ihesi, gerra mundialetik ihesi...

Azken aldian ordea frantziako poliziak euskal militanteak atxilotu eta Espainiara bidaltzen. Euroagindua deitzen diote prozedura honi. 8 gazte hauek haien jarduera sozial eta politikoagatik Espainiartuak izateko arriskuan daude. Noiz izango gara libre gure herrian? Euskaldunak Euskal Herrian libre! EUROAGINDURIK EZ!





2011-02-17

Udaberria SORTU: Larunbatean Bilbora manifa.


Udaberria eta hasiak dira aran zuhaitzak loratzen, laster etorriko dira gereziondoak eta atzetik gainontzekoak. Udaberriarekin batera SORTU alderdia aurkeztu du ezker abertzaleak, aurreikuspen guztiak apurtuz alderdien legea beteko duela adierazi du.

Beste garai berri batean sartuko garela dirudi, eztabaida politikoa, herrigintza eta kaleko masa mobilizazioa gailenduko direna. Atzo bertan Britainia Handiko parlamentuan euskal gatazkaren konponbideaz jardun zuten. Kontextu horretan ahul aurkitzen da espainol proiektua Euskal Herrian: PP eta PSOE elkarrekin eta tranpak eginda gobernatzen Kubako independentzia prozesuan (1895) kontserbadore eta liberal espainolak elkar hartuta aritu ziren moduan.

Euskal Herriak mendeen joanean beti iraun dio alboan izan dituen bi potentzia handien erasoei. Mantendu dugu euskara eta gure ikusmolde propioa. Jakin dugu garaietara moldatzen: gerra karlistak galdu genituen eta abertzaletasuna sortu zen. Espainiako gerra (1936) galdu genuen baina hurrengo belaunaldiarekin ETA sortu zen. Ilegalizaturik, bazterturik, zuzendaritza guztiak kartzelaturik baina nola edo hala iraun dugu beti xutik euskal erresistentziak.



Udaberria dator, hasi dira zuhaitzak loratzen eta oraingo loraldia inoizkoa baino sendoago, indartsuago dator. Aukera guztiak hauteskundeetan! Sar gaitezen fase berrira, bultza dezagun sarrera, ETAk aspaldi eman du su etena, legalizatu daitezen orain aukera guztiak. Horregatik izango gara Bilbon:

LARUNBATEAN, otsailak 19
BAKEAREN BIDEAN LEGALIZAZIOA!
Manifestazio Nazionala Bilbon
17:30etan La Casillatik

2011-02-01

Ostiralean SANTA AGEDA eta ondoren BERTSO GERRILLA

Urtero moduan SANTA AGEDA eskean kantuz kantu kuadrilla irtengo da ostiralean Trapagaranen. 17:45ean gelditu gara GOZOA lonjaren aurrean. KORRIKAren alde egingo da diru bilketa, Euskal Herriko luze zabalean euskaltegiak ireki, hobetu eta euskera erraz ikas dadin. Animatu eta etorri!



Jatorria
Erlijio katolikoaren arabera Santa Ageda kristautasunaren hasierako martiri bat izan zen. 251.urtean Siziliako jauntxo batek Agedarekin ezkondu nahi izan zuen, baina Agedak kristautasunari eutsiz ezkontzeari uko egin zion. Mendeku gosez Siziliako jauntxoak Ageda torturatu, bularrak moztu eta hil egin zuen. Horrela Sata Agedarenganako debozioa berehala zabaldu zen Europa osoan. Euskal Herrian Santiago bideko erromesen bidez heldu zen.


Euskal Herrian ere zabaldu zen

Euskal Herrian berehala zabaldu zen Santa Agedarekiko debozioa. Baina Santa Agedaren bezperako ospakizunen azpian kristautasun aurreko erritoa topatzen da. Etxez etxe eskean aritzeko ohitura inauteri ohitura da, kristautasuna heldu aurreko ohitura. Lurra makilaz kolpatuz lurra bera negutik esna dadin eta koplaz koplen bidez etxez etxe eskean arituz. Beraz esan dezakegu orain ezagutzen dugun SANTA ESKEA inauteri zaharraren beste ohitura bat besterik ez dela, erlijio kristaua heldu aurretik zegoen ohitura berdina baina garai berrietara aldatua.

BERTSOGERRILLA
Lehen berritzen zuten eta orain ere berritzen dugu. Lehen ez zen bertsolaririk Trapagaranen, orain Ion BArrokalekin hasita bertso eskola muntatu da gaztetxean. BErrikuntza dator gurera eta berrikuntza daroagu herrira. Ostiralean Santa Ageda koplen ondoren BERTSOGERRILLA aterako da kalera.

22:00etan SOKRAren tabernatik hasita
TRAPAGARANGO BERTSOGERRILLA

2011-01-27

GREBA egunaz: Kronika, galderak eta autokritika.

Grebatik gatoz. Bilbora jaitsi gara eguerdiko manifara eta burura etorri zaizkigu Euskal Herriko lehenbiziko grebak. Arboledatik, Trianotik, Gallarta, Ortuellatik Bilbora jaisten ziren manifestazioetara milaka meatzari, guk gaur egin dugun bezala, euren eskubideen alde protestatzera. Arboledan egin zen Euskal Herriko lehenbiziko greba. 1886ko maiatzaren 1a zen, 25.000 pertsona manifestatu ziren Bilbon langileen egunean. Arratsaldeko ekitaldi nagusia Arboledan egin zen eta 4.000 meatzari bildu ziren herriko frontoian. Mobilizazio horren ondorioz Arboledako komite sozialistako 5 meatzari lanetik kanporatu zituzten.
1886ko maiatzaren 13an despidoen kontra greban hasi ziren Arboledako Orconera konpainiako 200 meatzari. Berehala izan zuen zabalpena grebak, meatzariak meatzez meatz joan ziren grebarako deia zabaltzen eta ordu gutxitan 5.000 meatzari ari ziren protestetan Arboledan. Mendietatik Gallarta eta Ortuellara jaitsi ziren eta iluntzerako beste 3.000 langile gehiago lotu ziren grebari. Gauerako meatzalde guztia geldirik zegoen. Grebak hurrengo egunetan jarraitu zuen, ejerzitoa mobilizatu behar izan zen eta Bizkaia estado de sition ipini zuen gobernuak. 20.000 langile ibili ziren mobilizazioetan. (Lehen grebari buruzko kronika osoa irakurtzeko hemen: Arboleda 1886- dokumentuaren 7-8 orrialdean)

Gaurkoak ordea ez du ordukoaren antzik izan. Jendetza bildugara Bilbon egia da, manifa itzela izan da baina komertzio gehienak irekita gure herrietan, enpresa txiki, tailer eta poligonoetan berriz jarraipen irregularra. Langile tradizioa badu gure eskualdeak, frankismoan ere bai gure inguruko lantegietan protesta handiak gertatu ziren. Gainera sozioekonomikoki gure eskualdeko baldintzak grebarako baldintzak dira, Euskal Herri mailako eskualde prekarioenetakoa, enpresa handiak krisian eta desagertzeko zorian, enpresa txiki, kooperatiba eta tailerren sarea ez da Euskal Herriko beste eskualdeetan (Goierri, Deba bailara...) bezain trinkoa, langabezia tasa altuagoak, bizi kalitate eskasagoa... Hori dugu gurean errealitate. Orduan zergatik gure auzokoak, gure herrikideak ez dira lotzen grebari?


Batzuek esaten dute dela gure eskualdean gehiengoz ez garelako abertzale. Baina orduan zergatik ez du inork itxi CCOO eta UGT sindikatu españolen iraialren 29ko greban? CCOO eta UGT aspalditik daude gurean, sustraiak sakon dituzte gure eskualdean eta ordea ez dute espainia mailara deitua den greba orokor batean inolako jarraipenik izatea lortu. Zer gertatzen da beraz?

Komertzioz komertzio pasatzen garenean merkatariek esaten dute autonomoak direla, ez dutela haien burua sindikatuen deialdiari lotua ikusten, ez dela haien arazoa.... Ez dira langile klasearen parte sentitzen hori nahiko argi somatzen da. Krisiaren kontura espainiako gobernua hartzen ari den neurriez hitz egiten dugunean ordea gobernuaren neurrien erabat kontra azaltzen dira. Orduan zer gertatzen da?


Hainbeste espazio irabazi digu agintarien sistema ofizialak, nun nor garen ahaztua dugun. Indibidualismoa barruraino sartuta daukagu, bizi-iraun ahal izatearekin konformatzen gara, eta galdu dugu errebeldia, galdu herritar klase konzientzia. Politiko profesionalek enpresa handien eta bankuen alde ari dira etengabe. Jauntxoak ez dira geuregatik arituko, gure interesak, herritar xumeen interesak guk geuk defendatu behar ditugu.

Guk ere, greban ari garenok, Euskal Herri aske eta berria nahi dugunok badauzkagu akatsak. Herritar sektoreen konpaktazioa landu behar dugu, merkatariz merkatari, langileak, ikasleak, gure herrian, gure auzoan. Bidea egin behar dugu, lokaletik globalera. Herritar sektoreen interesen alde, herri klase konzientzia sortuz, landuz eta zabalduz. Jauntxoen aurrean etorkizuneko herritarren meatzaldea irabazteko, borroka sozialak, greba orokorrak aurrera eramateko baldintzak sortzeko. Badugu lan eta badugu bide, dendaz denda, kalez kale, auzoz auzo, ahoz aho. Arboledako lehen grebalari horiek aldarrikatzen zuten bezala: "Viva la Zona Minera! Abajo los cuarteles! Viva la unión obrera! "

2011-01-10

ETAren su etena: bideak aurrera darrai.

ETAk su eten iraunkor eta egiaztagarria eman du. Hasi dira telefonoak dantzan, berri ona batzuentzat, txarra besteentzat. Agintari espainolentzat inoiz ez da aski bere euskal herria makurtarazi nahi horretan. Otzan nahi gaituzte, domestikaturik, espainiar herriarentzat asmatu duten saroian asimilaturik. Baina kontrara, erabat galdurik ari dira Rubalcaba eta bere lagunak , prozesu honen sakontasuna ulertu ezinean.

"Domuit vascones" (Baskoiak menperatu genituen) idazten zuten erdi aroan Toledotik gobernatzen zuten bisigodoek. Errege batek bestearen atzetik, Domuit vascones jarriz kronika guztietan. Esaldi honen errepikapenak argi adierazten duenez, euskaldunak ez zituztela menperatu ahal izan. Izan ere ez gara atzo jaioak, aspalditik gatozen zuhaitza gara. Gure birraitonek gerra karlistak egin zituzten, gure aitite-amamak gudari izan ziren 1936ko gerran. ETArekin sasitartean, kartzeletan, ihesean, milaka izan dira azken 50 urteetan aritu diren osaba izeko, aita-ama edo lagunak.

Rubalcabak ordea prozesuaren sakontasuna ulertu gabe jarraitzen du. Ez du ulertzen mendiko lainoartean aritu direnez gain beste asko, milaka eta milaka aritu direla herrigintzan, euskararen alde, langileen eskubideen alde, kultura herrikoiaren alde, lurraldetasunaren alde, auzo elkarteetan herri boterearen alde, zentral nuklearren aurka, ekologismoaren alde, gure herria biziaraziz, mantenduz eta erresistituz.

Rubalcabak ez du ezer ulertzen esaten duenean joan den larunbateko manifaren harira euskal presoak kriminalak direla. Nola ulertzen da ordea 64.000 lagun Bilboko kaleetan euskal presoen eskubideen alde egotea? Europa osoan non ikusi da halakorik?

ETAk eman du urratsa eta zain gaude Espainiako biolentziak noiz amaituko. Bideak ordea aurrera darrai, sustraiak sakon ditu gure arbolak. Rubalcaba oker dabil uste badu Espainiako sistema politikoan sarturik, beste partiduak bezala ustelkerian murgildurik, poltronaren beroan akomodaturik desagertuko dela euskal erresistentzia. Langileak eta kaleko jende oinarri, beste mundu bat dugu amets, herri boterea, beste gizarte bat. Euskal Herria, lurraldea, kultura eta gure ikuskera propioa normal garatu nahi dugu XXI.mendeko munduan. Bertan bizi garenok kanpotik heldu eta heltzen direnekin batera. Ez gara makurtzen, agian mendia eta burni garaiak amaitu dira, baina bagoaz aurrera: inoiz baino gehiago kaleko aktibazioa, agitazioa, proiektu berrien eraikuntza, auzoz auzoko lana, herrigintza eta konfrontazioa piztera goaz. Bideak sakon aurrera darrai, aurrera goaz, independentzia eta sozialismoa, bietan ekinez.

NAZIOARTEKO ERREAKZIOAK:
Gerry Adams - Sinn Feinn

2011-01-05

Egin dezagun urratsa larunbatean Bilbon: PRESOAK EUSKAL HERRIRA!

10.000 preso politiko eta 27.000 iheslari. Hori litzateke Espainia estaturik gabeko herria balitz eta bere askatasunaren aldeko borrokan murgilduta balego bere herrietan izango lukeen egoera. 6.200 hildako, 667.000 atxilotu eta 133.000 torturatu.

Zifra beldurgarriak, sufrikarioa itzela, eta hori da tamalez Euskal Herriko errealitatea. Auzo eta herri guztietan presoak eta iheslariak. HErriko paretetan argazkiak. Astero senide eta lagunen bidaiak Espainia edo Frantzian barrena. 750 ohe huts ditugu Euskal Herriko etxeetan. 750 preso Espainia eta Frantziako kartzeletan. Gure herrian ere, Badajozen daukate Nerea, Cordoban Oskar eta Curtisen (Galizia) Zigor. Astero errepidea, astero kilometroak, ostiralero gauak autoan 40 minutuko bisitara. Astea joan astea etorri, urtea joan urtea etorri. Sentimentuak kristal atzean topatuko duzun lagunari zer kontatuko, atearen atzean zain dagoen mutil-neska laguna nola topatuko eta bisita amaitzean, kartzelako ate eta zerraila guztiak atzean utzita, berriz Euskal Herrirako bidea hartuta tripa bola batean uzkurtuta, ixil bagatoz gure herrietara, norbera bere pentsaketetan sartuta. Ehundaka kilometro asfaltoan.

Badatoz garai berriak, gure herrian ere hasi da nabaritzen aire berria. Ilusioa, borroka molde berriak. Lagunak, bikotekide, seme-alabak ordea hurrun. Bada garaia Euskal Herrira itzul daitezen. Bada garaia Euskal HErrira ekar ditzagun. Beharrezkoa dugu. Horregatik joango gara larunbatean bilbon egingo den manifestazio erraldoi horretara. Egin dezagun urratsa. Euskal Presoak Euskal Herrira!

MANIFESTAZIO NAZIONALA
EUSKAL PRESOAK EUSKAL HERRIRA!
Urtarrilak 8, larunbata
17:30etan Bilboko Aita Donostia plazatik