Grebatik gatoz. Bilbora jaitsi gara eguerdiko manifara eta burura etorri zaizkigu Euskal Herriko lehenbiziko grebak. Arboledatik, Trianotik, Gallarta, Ortuellatik Bilbora jaisten ziren manifestazioetara milaka meatzari, guk gaur egin dugun bezala, euren eskubideen alde protestatzera. Arboledan egin zen Euskal Herriko lehenbiziko greba. 1886ko maiatzaren 1a zen, 25.000 pertsona manifestatu ziren Bilbon langileen egunean. Arratsaldeko ekitaldi nagusia Arboledan egin zen eta 4.000 meatzari bildu ziren herriko frontoian. Mobilizazio horren ondorioz Arboledako komite sozialistako 5 meatzari lanetik kanporatu zituzten.
Gaurkoak ordea ez du ordukoaren antzik izan. Jendetza bildugara Bilbon egia da, manifa itzela izan da baina komertzio gehienak irekita gure herrietan, enpresa txiki, tailer eta poligonoetan berriz jarraipen irregularra. Langile tradizioa badu gure eskualdeak, frankismoan ere bai gure inguruko lantegietan protesta handiak gertatu ziren. Gainera sozioekonomikoki gure eskualdeko baldintzak grebarako baldintzak dira, Euskal Herri mailako eskualde prekarioenetakoa, enpresa handiak krisian eta desagertzeko zorian, enpresa txiki, kooperatiba eta tailerren sarea ez da Euskal Herriko beste eskualdeetan (Goierri, Deba bailara...) bezain trinkoa, langabezia tasa altuagoak, bizi kalitate eskasagoa... Hori dugu gurean errealitate. Orduan zergatik gure auzokoak, gure herrikideak ez dira lotzen grebari?
Komertzioz komertzio pasatzen garenean merkatariek esaten dute autonomoak direla, ez dutela haien burua sindikatuen deialdiari lotua ikusten, ez dela haien arazoa.... Ez dira langile klasearen parte sentitzen hori nahiko argi somatzen da. Krisiaren kontura espainiako gobernua hartzen ari den neurriez hitz egiten dugunean ordea gobernuaren neurrien erabat kontra azaltzen dira. Orduan zer gertatzen da?
Guk ere, greban ari garenok, Euskal Herri aske eta berria nahi dugunok badauzkagu akatsak. Herritar sektoreen konpaktazioa landu behar dugu, merkatariz merkatari, langileak, ikasleak, gure herrian, gure auzoan. Bidea egin behar dugu, lokaletik globalera. Herritar sektoreen interesen alde, herri klase konzientzia sortuz, landuz eta zabalduz. Jauntxoen aurrean etorkizuneko herritarren meatzaldea irabazteko, borroka sozialak, greba orokorrak aurrera eramateko baldintzak sortzeko. Badugu lan eta badugu bide, dendaz denda, kalez kale, auzoz auzo, ahoz aho. Arboledako lehen grebalari horiek aldarrikatzen zuten bezala: "Viva la Zona Minera! Abajo los cuarteles! Viva la unión obrera! "