Pages

Sozial borrokak etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Sozial borrokak etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2012-03-13

Greba orokorra antolatzeko bigarren asanblada egingo da bihar.


Aurreko asanbladari jarraiki bigarren batzarra egingo da bihar. Escontrilla eskola gaineko "Salon de usos multiples" aretoan. Aurreko batzarra oso interesgarria izan zen elkartu ginen jende eta sektore aniztasunagatik. Mugimendu eta jatorri ezberdinetako jendea, iritzi ezberdinak konpartitu eta eztabidarako prest baina helburu bakarra: M29ko grebarako planteamendu lokal interesgarri bat egitea Trapagaranen.

Norabide horretan agertutako ideia guztiak bilduko lituzkeen testu bat egitea adostu genuen: Langabeziaren problematika, komertzioen arazoak, lan erreforma, murrizketen injustizia eta asanblada herritarrak sortzearen baliagarritasuna.

Bihar testu hori finkatuko dugu, eta greba burura eramateko propaganda eta sozializazio ideien brainstorming bat egin. Zuk ere baduzu zer esana, etorri eta parte hartu!!

BIhar martxoak 14, asteazkena.
arratsaldeko 19:30etan
Escontrilla eskolako erabilera anitzeko aretoan.

INFO+: Lan erreformaz informatu ¿Zer suposatuko du?







2012-03-07

M29ko GREBA OROKORRA antolatzeko batzorde ireki bat sortuko da bihar.

Krisiak sektore asko ukitzen ditu, langileak, langabetuak, ikasleak, merkatariak, sektore publikoko erabiltzaileak. Elkarrekin lotuta doa guztia. Krisiaren aurrean gobernuak hartzen ari diren neurriek langileen eskubideak murriztuko dituen lan erreforma ekartzen du, unibertsitate eta hezkuntzan murrizketak, osasungintzaren pribatizazioa, komertzioen igandeetan irekitzea... Bankuak eta mekratuak babesten dituzte gobernuek, despidoak erraztu, enpresarioei alde jokatu. Neurri horiek guztiek ordea, populazioaren gehiengoari zuzenean eragiten digute.

Europa osoa mugitzen hasia da, 15M, ikasleen matxinadak (Valentzia, Bartzelona...). Trapagaranen ere mugitzeko garaia da. Nola uztartu ditzakegu ikuspegi guzti horiek eta M29ko greba gure herrian ahalik eta gehien zabaldu? Langabetuen asanbladarekin batera M29ko greba antolatzeko batzorde ireki bat sortzea pentsatu dugu horretarako. Ikasle, langabetu, gazte, sindikalista, merkatari... elkartzea da asmoa. guztiok elkarrekin herrira begirako planteamendu txukun bat egitea. Animatu eta etorri!
MARTXOAK 8 OSTEGUNA
arratsaldeko 19:30etan elkarteak biltzen diren txokoan ANBULATEGI ZAHARREAN

Honez gain bertako iritzi, deialdi eta greba orokorraren notizien berri emateko atari berri bat ireki dugu interneten, bertatik zabalduko ditugu grebaren gaineko notiziak eta iritziak:

2012-03-05

Trapagarango emakumeak hasi gara mugitzen. M8 inguruko ekitaldiak.


Ostegunean izango da MARTXOAK 8, eta horrekin batera iritsiko dira deklarazio instituzionalak, politikoen argazkiak eta testu politak. Egutegia data bereziz beterik dugun garaiotan martxoak 8 beste folklorismo bat bihurtzen ari da. Gizarteak bere burua legitimatzeko duen urteroko ritual bat. Zentzu horretan kasik sinestarazi digute gizarte berdinzale batean bizi garela. Ia ia sinetsiak gaude emakumeen gaurko arazoak tratu txar eta biolentzia matxistaren arazoei esklusiboki lotuta daudela. Errealitatea ordea bestelakoa da.

GAURKO GIZARTEAK EMAKUMEA ZAPALDU eta BAZTERTZEN DU

Emakumeak gara gazteokin batera krisia gehien sufritzen dugunak, gureak dira langabezia tasa altuenak. Gure soldatak lan askotan gizonezkoenak baino bajuagoak dira. Etxetik kanpo lan egiteak askatasun ekonomikoa eman digu, baina kasu askotan horrek ez du etxeko lanen partekatzea ekarri. Familiako aitite-amama eta haurren zaintza guregain dago nagusiki eta super-emakumeak izatera behartzen gaitu gaur egungo gizarteak. Ez dira beraz gizarteko rolak hainbeste aldatu eta hori nabarmen ikusten dugu gure arteko harremanetan, lonjetako egunerokoan, mutilekin harremantzen garenean hartzen ditugun paperetan eta gizartean zentralismoa daukaten jardueretan.


TRAPAGARANEN EMAKUMEAK MARTXAN
Hau ikusirik aspalditik ari dira emakumeen eskubideen aldeko taldeak berdintasun eta beste gizarte berri baten aldeko deiadarra zabaltzen. Emakumeen aldeko mundu martxak biltzen ditu munduko emakumeen aldeko talde guztiak. Gure eskualdean ordea Barakaldoko ARGITAN izan daiteke eskualdeko erreferentzia nagusia eta Trapagaranen AMARIS deituriko talde baten inguruan mugitu da aldarrikapen hau. Azken urteotan M8ren inguruan emakumeen bazkari bat egiteko elkartu gara beste neska batzuk, azken denboran ordea emakumeok gizartean jasaten ditugun ezberdintasunez jabeturik sakonago, elkarlanean hastea erabaki dugu.

Gaur egungo emakumeok jasaten dugun bazterketa ez da tratu txarren ingurukoa soilik, beste gizarte bat eraiki behar dugu, berdinzaleagoa, rolak, kontzeptuak irauliko dituena. Emakumeok garen moduan azaltzeko espazio libreak irabazi behar ditugu kalean. Gu garenetik gizarteari aportatu eta horretarako gure nortasuna eta identitate propioa berreskuratu behar ditugu. Hasi gara ibiltzen horregatik programazio txiki bat prestatu dugu martxoaren 8 ingururako.

Martxoaren 8an ostegunez
19:30etan Escontrilla eskolako erabilera anitzeko aretoan
PERUko EMAKUMEAK haien arazo eta borrokak
HITZALDIA Ruth Alonsok emanik.

Martxoaren 10ean larunbatez
12:00etan kontzentrazioa La Caixako gurutzean
15:00etan EMAKUMEON BAZKARIA
Escontrilla eskolako frontoian
Txartelak 15 eruotan salgai La Pintan

2012-01-31

MURRIZKETA SOZIALEN AURKA ostiralean kontzentrazioa Trapagaranen.


"Parados que se lo curran" izenburua zeukan Sestaoko langabetuen asanbladaren historia kontatzen zuen liburuak. Langileen eskualdea gara eta gure inguruan beti egon dira egoerari buelta eman asmoz, lan eskubideen alde elkartu eta alternatibak eraikitzen saiatu diren jende multzoak. Langabetuen asanbladak dira horietako batzuk. Obretara joan, kontratekin hitz egin eta herriko langabetuak kontratatzeko presionatu egiten dute, gizarte zerbitzuen murrizketak salatu, gizarte justuago baten alde borrokatu eta lan duin bat aldarrikatu.

Krisi garai latza bizi dugu: 912 langabetu daude Trapagaranen eta gazteen arteko langabezia tasa %24 ingurukoa da. Egoera larria da, jendea lanik gabe, leporaino hipotekatua, etxeen desjabetzeak eta oinarrizko baliabideak lortzeko arazoekin. Egoera horretan inoiz baino garrantzitsuagoa dugu gizarte zerbitzuen kobertura on bat izatea.
Madrileko gobernuak ordea murrizketa beste proposamenik ez du buruan, kaleko jendea estutu eta bankuei lagundu. Bankuak eta enpresak eroso egon behar direla esaten dute agintariek eta lan gehiago sortzeko. Teoria polita da, baina praktikan egoerak berdin segitzen du, bankuen eta enpresen irabaziak antzekoak dira, gazteentzat ez dago prespektibarik eta jende xumea gero eta okerrago bizi gara.

Horregatik erabaki dugu gaztetxeko gazteek, Trapagarango langabetuen asanbladarekin batera larunbatean sindikatuek Bilbon deitu duten manifestaziora joatea eta egoera gizarteratzeko herrian kontzentrazio bat egitea:

KONTZENTRAZIOA TRAPAGARANEN
ostiralean 19:30etan BBK aurrean.

MANIFESTAZIOA BILBON
larunbatean 18:00etan Sagrado Corazonetik

2011-08-06

Poliziaren errepresio kolpeen ondoren, azkenean 15M mugimenduak Sol plazan sartzea lortu du.

Aita Santuaren bisitaren aurrean ematen du Madrideko erdigunetik 15M mugimendua baztertu nahi dutela.


Sol plazatik kanporatu ondoren, 3 egunez aritu dira plazara itzultzek saiakeretan, atzo azkenean berriz plazara sartzea lortu zuten. Dudak bagenituen udal hauteskundeen ondoren 15M mugimenduarekin zer gertatuko zen, egiazko ezker bilgune bat Espainian sortzen ari dela dirudi. Alderdi politikoek ez dute erabakitzen, finantza etab ankuen erresuman. Sindikatuak patronalaren eskuetan salduta, ere ez. Beraz herritik, asanblearismotik, ohiko alderdi eta sindikatuen kontroletik kanpo ezker mugimendu, sozial, alternatibo eta ekintzaile berri bat sortzen ari da Espainian, zertara joango den ez dakigu baina herria pizten ari da eta hori ona da.

Egia da halaber mugimenduak ez duela oraindik zehaztasunik, ez duela heldutasunik, baina "Che"-k esaten zuen moduan ezker baloreetan formatzeko unibertsitaterik onena iraultzaren bideetan murgiltzea da. Erresistentzia eta alternatiba eraikuntza.

15M mugimenduari buruzko dokumental bat jartzen dugu hemen, mugimendua hobeto ezagutu eta mezua zabaldu asmoz. AURRERA HERRIA! DEMOCRACIA DIRECTA y PARTICIPATIVA! EKONOMIA BERRIA HERRIAREN ALDE!

INSIDE 15M: 48 horas con l@s indignad@sVimeo.



2011-04-29

Maiatzak 1. Langileak eta munduko zapalduak

Maiatzaren 1a izango da igandean eta mundu osoan milaka eta milaka langiloe irtengo dira kalera haien eskubideak aldarikatzera. Sindikatuak buru, jendea atzetik. Badu zentzurik horrelako egun batek gaur egun? Zer da langileria XXI.mendean?

Gure guraso asko langileak izan dira fabrika handietan, gure aitite amamak meatzariak meatokietan. Langileak, milaka eta milaka jende biltzen zuen talde homogeneo bat zen orduan, orain aldiz, lantegi bakoitza desberdina da, badira langile gutxiz osatutako lantokiak, kooperatibak edo tailer txikiak. Heterogenizatu da langileria.

Esaten digute eroso bizi garela, klase konzientzia iraganeko gauza dela, badira ordea oraindik talde homogeneo egiten gaituzten gauzak. Etxebizitza bat lortzeko bizi guztirako hipotekatzea, gero eta justuago bizitzea.. Horrekin batera emakumeek orokorrean gizonek baino baldintza okerragoak izatea eta soldata txikiagoa, inmigranteen esplotazioa...

Zer esanik ez munduko hirugarren munduko herrien borrokak, indigenak, nekazari txikiak, eta lantegi kooperatibak sortu dituzten langile taldeak.
Agian maiatzaren 1ak lehengo zentzua galdu du sindikatu handiek instituzionalizatua, baina oraindik beste mundu baten aldeko aldarrikapen eguna da. Pertsonen eskubideak oinarri dituen mundu justuago eta berri baten aldeko eguna. Horregatik igandean euskal sindikatuen manifan egongo gara.

MAIATZAK 1eko MANIFA
11:30etatik Bilboko Jesusen Bihotzetik irtenda

2011-01-27

GREBA egunaz: Kronika, galderak eta autokritika.

Grebatik gatoz. Bilbora jaitsi gara eguerdiko manifara eta burura etorri zaizkigu Euskal Herriko lehenbiziko grebak. Arboledatik, Trianotik, Gallarta, Ortuellatik Bilbora jaisten ziren manifestazioetara milaka meatzari, guk gaur egin dugun bezala, euren eskubideen alde protestatzera. Arboledan egin zen Euskal Herriko lehenbiziko greba. 1886ko maiatzaren 1a zen, 25.000 pertsona manifestatu ziren Bilbon langileen egunean. Arratsaldeko ekitaldi nagusia Arboledan egin zen eta 4.000 meatzari bildu ziren herriko frontoian. Mobilizazio horren ondorioz Arboledako komite sozialistako 5 meatzari lanetik kanporatu zituzten.
1886ko maiatzaren 13an despidoen kontra greban hasi ziren Arboledako Orconera konpainiako 200 meatzari. Berehala izan zuen zabalpena grebak, meatzariak meatzez meatz joan ziren grebarako deia zabaltzen eta ordu gutxitan 5.000 meatzari ari ziren protestetan Arboledan. Mendietatik Gallarta eta Ortuellara jaitsi ziren eta iluntzerako beste 3.000 langile gehiago lotu ziren grebari. Gauerako meatzalde guztia geldirik zegoen. Grebak hurrengo egunetan jarraitu zuen, ejerzitoa mobilizatu behar izan zen eta Bizkaia estado de sition ipini zuen gobernuak. 20.000 langile ibili ziren mobilizazioetan. (Lehen grebari buruzko kronika osoa irakurtzeko hemen: Arboleda 1886- dokumentuaren 7-8 orrialdean)

Gaurkoak ordea ez du ordukoaren antzik izan. Jendetza bildugara Bilbon egia da, manifa itzela izan da baina komertzio gehienak irekita gure herrietan, enpresa txiki, tailer eta poligonoetan berriz jarraipen irregularra. Langile tradizioa badu gure eskualdeak, frankismoan ere bai gure inguruko lantegietan protesta handiak gertatu ziren. Gainera sozioekonomikoki gure eskualdeko baldintzak grebarako baldintzak dira, Euskal Herri mailako eskualde prekarioenetakoa, enpresa handiak krisian eta desagertzeko zorian, enpresa txiki, kooperatiba eta tailerren sarea ez da Euskal Herriko beste eskualdeetan (Goierri, Deba bailara...) bezain trinkoa, langabezia tasa altuagoak, bizi kalitate eskasagoa... Hori dugu gurean errealitate. Orduan zergatik gure auzokoak, gure herrikideak ez dira lotzen grebari?


Batzuek esaten dute dela gure eskualdean gehiengoz ez garelako abertzale. Baina orduan zergatik ez du inork itxi CCOO eta UGT sindikatu españolen iraialren 29ko greban? CCOO eta UGT aspalditik daude gurean, sustraiak sakon dituzte gure eskualdean eta ordea ez dute espainia mailara deitua den greba orokor batean inolako jarraipenik izatea lortu. Zer gertatzen da beraz?

Komertzioz komertzio pasatzen garenean merkatariek esaten dute autonomoak direla, ez dutela haien burua sindikatuen deialdiari lotua ikusten, ez dela haien arazoa.... Ez dira langile klasearen parte sentitzen hori nahiko argi somatzen da. Krisiaren kontura espainiako gobernua hartzen ari den neurriez hitz egiten dugunean ordea gobernuaren neurrien erabat kontra azaltzen dira. Orduan zer gertatzen da?


Hainbeste espazio irabazi digu agintarien sistema ofizialak, nun nor garen ahaztua dugun. Indibidualismoa barruraino sartuta daukagu, bizi-iraun ahal izatearekin konformatzen gara, eta galdu dugu errebeldia, galdu herritar klase konzientzia. Politiko profesionalek enpresa handien eta bankuen alde ari dira etengabe. Jauntxoak ez dira geuregatik arituko, gure interesak, herritar xumeen interesak guk geuk defendatu behar ditugu.

Guk ere, greban ari garenok, Euskal Herri aske eta berria nahi dugunok badauzkagu akatsak. Herritar sektoreen konpaktazioa landu behar dugu, merkatariz merkatari, langileak, ikasleak, gure herrian, gure auzoan. Bidea egin behar dugu, lokaletik globalera. Herritar sektoreen interesen alde, herri klase konzientzia sortuz, landuz eta zabalduz. Jauntxoen aurrean etorkizuneko herritarren meatzaldea irabazteko, borroka sozialak, greba orokorrak aurrera eramateko baldintzak sortzeko. Badugu lan eta badugu bide, dendaz denda, kalez kale, auzoz auzo, ahoz aho. Arboledako lehen grebalari horiek aldarrikatzen zuten bezala: "Viva la Zona Minera! Abajo los cuarteles! Viva la unión obrera! "

2011-01-26

GREBARA!

LiveStream: GREBA OROKORRA TB


Greban gaude, kalean gaude, langileon eskubideen alde, herriaren alde. Gobernutik datoz erasoka, lan erreformak, pentsioen erreforma oraingoan. Beti herritar xumeen eskubideen kontra, beti banku eta enpresa handien interesen alde. Gizarte justuago bat nahi dugu, elite ekonomikoen interesen aurretik, herritarren gehiengoaren interesak dituena oinarri. Horregatik goaz kalera , horregatik kalean gaude, herritarren Euskal Herria irabazteko. Elkartasunez gaude kalean Munduko Federazio Intersindikalak babesa adierazi dio hemengo grebari. koloretako munduan.

GREBA OROKORRA INFORMAZIOA ZUZENEAN
Greba Euskal Herrian: http://greba.euskalherrian.info/
Tas-Tas irratia: http://tas-tas.org/streaming.html

2011-01-25

Urtarrilak 27: GREBA OROKORRA.

Urtarrilak 27, datorren osteguna eta greba orokorrerako deialdia egin dute euskal sindikatuek. Asko dira azken urteotako krisi kontestuan Europan izan diren herritarren protesta eta erresistentzia mugimenduak. Nabarmenak Frantziako jubilazio erreformaren aurka 2010eko neguan emandakoak eta Greziako erreforma guztien aurka ematen ari direnak. Egoera berdina da guztietan, bankuen espekulazioaren ondorioz sortutako krisia herritarren eskubideak txikiagotuz konpondu nahi dute. Horrela etorri da Espainiako gobernuaren aldetik langileen eskubideak txikiagotzen dituen lan erreforma eta orain pentsioen erreforma. Horren kontra deitu dute euskal sindikatuek osteguneko greba.
HERRIKOLORE 62.irratsaioa


ZER EKARRIKO DU PENTSIOEN ERREFORMAK?
-Jubilatzeko adina 65 urtetik 67ra pasatzea.
-Pentsio izateko kotizazio urtea handituko da 15 urtetik 18ra.
-Pentsio osoaren %100 kobratzeko 35 urte lanean egotetik 41era pasatuko da
.

Ondorioa da bankuek sortutako krisia herritarrek ordainduko dugula. Lan erreforma, IVA, argia eta horrelako zergen igoera, jubilazioak txartzea. Bitartean politikariek enpresari handien morroi bankuei diru laguntzak ematen, kasta politiko bat bezala bizitzen... (Soldata itzelak eta bizi osorako, jubilazio altuenak...). Argi eta garbi badago protestarako motiborik.

ZER
GERTATZEN DA SINDIKATU ESPAINOLEKIN? (CCOO eta UGT)
Normalean esaten da erdi mailako klaseak direla gehiengo Europako gizarteetan, herritar xumeak. Orain ordea jende gehienaren eskubideak geldituko dira bazterrean, politiko handiak, enpresari aberatsak eta bankariek beti bezala aberasten jarrai dezaten. Gainera Espainia da Europan krisia gehien jasaten ari den herrialdeetariko bat, industriarik gabe, administrazioa zorretan eta leku batzuetan (andaluzian) %40ko langabezia tasekin. Zergatik espainiako sindikatuek ez dute protestatzen? Espainiako sindikatuak gobernuaren subentzioen menpe bizi dira, dirutza ikaragarria jasotzen dute gobernutik eta Europako formazio fondoetatik. Diru honekin bulego, teknikari eta liberatu sare erraldoia sortu dute baina hau guztia ordaintzeko estatuaren diruaren beharra dute. Gobernuaren menpe daude eta horregatik onartu eta sinatuko dute Espainiako gobernuaren jubilazio erreforma. Horregatik ez dute sinesgarritasunik, erosita daude.

EUSKAL HERRIAN ZER?

Euskal Herrian gehiengo sindikalak ez du espainolek duten menpekotasun ekonomikorik, horregatik mugitzen da, horren erakusgarri dira azken bi urteotan egindako 3 grebak eta horregatik du euskal sindikalgintzak izugarrizko potentzialitatea. Aurreko grebekin ordea badago zer hausnartua. Lantegiak eta poligonoak etxi ziren, milaka langile joan ziren manifestazioetara, ez zen ordea izan borroka greba bat. Herri askotan komertzioak irekita, eskoletan jarraikortasuna ezeberdina, Euskal Herriko lurralde gehienetan bezala. Gero eskubide sozialen aldeko dinamikek greba puntualez aparte ez dute jarraikortasunik.

BAdira aukerak, sindikalgintza borrokalaria daukagu Euskal Herrian baina sindikalgintzak iraganeko sinesgarritasuna irabazi behar du. Sindikalgintza ezin da izan laneko seguro moduko bat. Sindikatuen dinamikek herritar sekotre guztiak bildu behar dituzte, merkatariak, langileak, kooperatiba eta tailer txikiak eta ikasleak. Merkatariengana, eskoletara, osasun etxera, goazenean zailtasunak ditugu grebara lotzeko, herritar sektorearen parte sentiarazi behar ditugu! Borroka sozialean kontzientziatu, antolatu eta bildu. Euskal Herrian gehiengo erabaki potoloak enpresari handien bulegoetan eta haien morroi diren alderdien egoitzetan ematen badira ere, gu gara gehiengo, irabazi dezagun kalea, irabazi dezagun gehiengoaren interesentzat hobea izango den Euskal Herria.

Lantokitik kanpo lekua behar du sindikalgintzak, gure auzo kaleetan. Etorkizuna libre dator eta aukera guztiak libre, agian ostegunekoarekin ez dugu jubilazio erreformaren geldiaraztea irabaziko, baina ez gaude herriaren aurka doazen erreformekin ados. Ez gaude bankuen eta jauntxoen aldeko erreformekin ados. Asko gara, gehiengoa gara eta kalera irtengo gara. Gainera etorkizuneko euskal herritar batasun borrokalari berri horren sortze bidean urrats bat gehiago izango da. Ostegunean gu bagoaz kalera. Has gaitezen, gure kaletik, auzotik, herritik, herri botere bidean! URTARRILAK 27 GREBA OROKORRA!

2011-01-04

Ongi etorri 2011 = Soldatak 1,3 eta bizi kostuak 2,9

Ongi etorri 2011! Urte berria etorri da, zaharra joan. Harekin batera balorazioak, politikoen deklarazioak, eguberritan ere Olentzero, Pirritx eta Porrotxen mezua eta espainiako erregearen matraka. Zer eskatu urte berriari? Egunkarietako balorazioetan azaldu denez, 2010.urtea natur katastrofeetan azken hamarkadetako txarrena izan da, klima aldaketaren eragina hasi omen da agertzen, hegoaldeko herrialdeak kolpatuz nagusiki.
Langabetuen kopuruari begiratuta, Bizkaian %4 egin du gora langabeziak abenduan eta guztira 178.973 langabetu daude Hego Euskal Herrian. Gainera azken urteotako ildoari jarraiki kontsumo prezioen indizea KPI %2,9 igo da langileen soldatak %1,3 igo diren bitartean.

Trapagaranen segitzen dugu hamaika proiektutan murgilduta, egiazko herri bizi baten bidean urratsak emanez. Izan euskal kulturgintzan Trapagarango bertso eskola sortzeko ahaleginean, izan herrigintzan lonjen arteko gazteen sarea dinamizatuz eta indartuz, edo herriko inauteri zaharra berreskuratu eta berrasmatuz. Bikote, lagun talde edo norbanako proiektutan bagoaz independentziarantz gurasoen etxetik alde egiteko ahaleginean. Ikasketetan jarraitzen dugu buru belarri edo gure herri inguruan lana bilatzeko ahaleginean.
Espainiako gobernuak aldiz jarraitzen du Espainiako enpresario zirkuluaren erabakiei kasu egiten. Lan erreforma onartu zuten aurreko urtean (langileen eskubideen bizkar, despidoak merketuz zein ebentualitatea erraztuz...). 2011erako ere Zapaterok badu proiektua eta jubilazio erreforma onartu nahi du: 67 urte bitartean jendea lanean mantendu eta pentsioak jaitsi. Horregatik euskal sindikatuek greba orokorra deitu dute urtarrilaren 27rako.
Urteak badoaz, urteak badatoz, gizarteko arazoek, sektore ezberdinen arteko interes borrokek, nahiek eta ametsek bere hortan diraute. Handiak beti handiago, guk aldiz gure txikian gelditu gabe, astiro, baina atzera zentrimeto bat bera ere eman gabe inurriak bezala dihardugu elkarlanean. Amesten dugun herri berriari egunero atea irekiz: Trapagaran bizi, sortzaile, dinamiko, euskaldun eta herrikoieratz. Hurbilago gaude. Ongi etorri 2011.

2010-12-07

ERASO MATXISTA: 25 urteko neska bat hil dute atzo Barakaldon.


Cristina Estebanez zuen izena. Labana lepoan sartuta hil zuen Barakaldoko bere etxean bere mutil lagun ohia zenak atzo. 25 urte zituen hildakoak eta 25 urte ditu hiltzaileak. 5 dira 2010 urteak daramanean Euskal Herrian biolentzia matxistak hildako emakumeak. Askoz gehiago bortizkeria matxista jasandako emakumeak, azken hauetatik 3 dira gutxienez Trapagaranen maltratoak salatu dituzten emakume auzokideak. Asko dira eta bikote gazteak dira sarritan drama honen protagonistak. XXI.mendeko mendebaldeko zibilizazio aurreratuan nola halakoak posible diren dira burura datozkigun galderak.

Hildako bat gertatu denez nor baino lehen baino lehen atera dira agintariak kalera salaketa kontzentrazioan. Ez dute ordea berdina esaten biolentzia jasaten duten emakumeentzat herrietako zerbitzuen gabeziaz ari garenean. Trapagaranen ez dago "acogida etxerik", ez dago inolako zerbitzu finkorik eta Barakaldora bideratzen dituzte bertako biolentzia matxista kasu guztiak. Nola da hau posible 12.000 biztanleko tamaina duen gurea bezalako herri batean?

Kalean bestalde emakumeen autodefentsa aldarrikatzen da. Haserrea adierazten da. Amorrua. Tristura eta harridura. Egunerokoa ordea bestelakoa da.

Egiten dira protestak, presta autodefentsak baina ororen gainetik preso gaituen sistema patriarkala da egoera honen erantzule zuzena. Emakumea gizonaren propietate egiten du patriarkatuak, "zu neska nirea zara eta zure barruan duzuna (umea) ere bai". Bizi garen harreman sarean bezala, familian, lagunartean, lanean... Gizarteak txiki txikitatik guregain uzten duen zama itzela da. Itzela gure baitako aurreiritzi, harresi eta kateak. Propietatean oinarritutako gizartean bizi gara, bikote harremanetan ere harresi eta debekuak nonahi. Jabetza pribatua oinarri duen mundu honek errotik aldatu ezean ez du konponbiderik. Agintarien deklarazioak deklarazio, argazkiak argazki, sakonago dago arazoa. Gure baitatik dator aldaketa :aurreiritziak baztertuz, pisutsu daramatzagun kateak hautsiz, libreago biziz, pertsona askeen mundu askea eraikiz.

Dena den hau lortu bitartean salaketa behar beharrezkoa da. Barakaldoko ARGITAN emakume taldeak ostiralean deitu du protesta.

Abenduak 10, OSTIRALA
19:00etan BIDE ONERA plazatik (BArakaldo)


INFO+: Fredi Paia Berrian PATRIARKATUAZ

2010-11-24

TRAPAGARANGO ETXEBIZITZAREN arazoa eztabaidagai igandean gaztetxean


Etxebitza da dudarik gabe gure herriko gazteriaren arazo larrietako bat, larriena ez bada. Gure lagun taldeetan komentatzea besterik ez da egoeraren larriaz ohartzeko:

-Batzuek 30 urte inguru izan eta gurasoen etxean bizi.
-Beste batzuek gurasoen etxetik joanda baina inguruko herrietako VPO etxebizitzetara (Gallarta, Muskiz, Portugalete, Bilbo...)
-Gutxiengoa jubilatu arteko hipotekak hartuta gure herrian gelditu dira bizitzen.

Egoera benetan larria da, gainetik eta asko sakondu gabe berehala jabetzen gara, 700etxe baino gehiago hutsik daude gure herrian, alokairuan inoiz ez simultaneoki 5-6 etxebizitza baino gehiago eta hauek 600 eurotik gora hilabeteko errentetan. Ez dago alokairu sozialerako neurri eta erabakirik udaletxetik. Hauteskunde kanpaina datorren bakoitzen hasten dira agintariak SanGabrielen egingo dituzten VPO etxebizitzetaz hitz egiten eta horrela eman dituzte gutxienez 15 urte.

Gazteok ezin dugu politikoen zain egon, gazteok gure herrian bizi nahi dugu, orain eta betirako hipotekatu gabe! Nola hasi gaitezke lantzen gai hau? Nola sakondu? Nola zubiak eraiki, nola elkartu eta aktibatu jendea gai honen inguruan?

BILERA IREKIA
igandea, azaroak 28
18:00etan gaztetxean

animatu eta etorri!

2010-08-20

MUGAK eta MUGAK: romani nomadak Melillatik


Aldian aldian jakiten dugu Afrikako Espainia diren lurretako saltsen berri, batzutan Ceuta, bestetan Chafarinas edo Perejil, Melilla oraingoan. Itsasoa tartean izan arren, Espainia handiak ez du Afrikatik bere oina atera nahi. Basamortutik iparraldera etengabean datorren erreka geldiarazteko eraiki duten harresi eta alanbradek ordea egun eta gau diraute harroka mutur horien inguruan zutik. Aski izan dira Marokoko arabiarrek egindako protesta ekintzak segituan danek elkarrekin, (Aznar, Erregea, ministroak...) Espainiaren bandera haizatzeko. Espainia Handia, Espainia inperiala. Polizia, ejerzitoa, tanke blindatuak eta alanbradak. Mugak ez besterik.

Deportazioak ordea bestaldean. Frantziak ehundaka ijito nomada deportatuko ditu asteburuan Rumania eta Hungariara. Nahasketa arriskutsua omen, nomadak eta ijitoak, gainera emigranteak eta paperik gabekoak. 40.000 dira Frantzian batetik bestera, nolabait bizi nahi eta bidean bizimodua ateratzen dutenak. Errez topatu omen du konponbidea Sarkozyren gobernuak, hegazkinean sartu jendea Budapest edo Bukarest helburu. Bertan utzi. Europako Batasunean deportazioak non eta giza eskubideen defendatzaile handia omenden Frantziako Errepublikan.

Mugak batean, mugak bestean. Bitxia dirudi, euskaldunak edo katalanak omen baikara gero "separatistak", mugak jarri nahi ditugunak, "mundura itxiak"... Estatu handiak aldiz irekiak, hemendik ikusten dena ordea ez da hegazkinak eta harresiak besterik. Guk ez dugu harresi eta hegazkinezko Euskal Herririk nahi. Euskal Herriko biztanleriaren %40a kanpoko etorrikoa da, hala dira gure guraso edo aitite amamak. Gure herria aske nahi dugu ordea gure ekonomia, industria, irakaskuntza, unibertsitatea, lurralde garapena, kultura, kirola... antolatzeko, bertan bizi eta lan egiten dugun guztion artean erabakitzeko, jaio Senegalen, Extemaduran, Rumanian edo Bolivian. Luza eskua! Ez hegazkinik ez alanbrerik. Euskal Herria munduan libre!

2010-06-29

TRAPAGARANEK GREBAREKIN BAT EGIN DU

Goizean goizetik greba nabaritu da, ez da egon autobusik ezta funikularrik ere. Autobus geltokietan lanera zihoan jende gutxi egon da. Egunsentiarekin batera hasi dira piketeak poligonoetan. lantokietan grebak jarraipen zabala izan du.

Goizeko zortziak aldean Aurrera industrialdean % 60 inguruk itxi du. Ugarteko Trapaga elkartegian 16 enpresatik 9k bat egin dute grebarekin. Eta Granada poligonoan oraindik gehiago, kotxerik ez, bakarrik 11 enpresa baitzeuden irekita. Nervacero, ABB trafo eta Babcock Wilcox bezalako enpresa handietako jarripnea zein izan den jakiteko sindikatuen balorazioen zain gaude.

Irakaskuntzan, osasungintzan eta polikiroldegian ez du izan jarraipen handirik grebak, liburutegia, ordea, itxita dago. SuperSurreko obretako lanetan berriz grebak ez du eraginik izan.

Herrian nabarmentzekoa izan da merkatariek egin duten bi orduko geldialdia. Jarraipen zabala eduki du, % 70-80k artean itxi baitu. Lonja batzuek ere grebari atxiimendua eman diote haien atean grebako kartela ipiniz. Hemendik aurrera bide berri bat dugu aurrean, elkarlanean, indar metaketan, herri mailan, langile,langabetu, ikasle, lonjero, merkatari... sozial arazoez hitzegiteko, arazo ekonomikoez hitz egiteko. Beste mundu bat posible da! Adi!

GREBAKO ARGAZKIAK: Picasa GrebaTrapagaran

EGUERDIKO INFORMATIBOAK: Eguzki / Tas tas/HalaBedi irratiak
Euskal Herria

Bilbo (tas tas irratia)







2010-06-28

Dana prest Trapagaranen biharko GREBA OROKORRERAKO


Euskal Herriko sindikatuen gehiengoak (ELA, LAB, ESK, STEE, HIRU, EHNE, CCOO, CNT y CGT) gobernu espainolak ezarri nahi dituen krisiaren aurkako neurriak geldiarazi asmoz Greba Orokorrerako deia egin du biharko. Gobernu Espainolak krisiaren pisu guztia langile eta herritarren gain ezarri nahi du. Lan erreforma, pentsioen erreforma, IVA eta argindarraren prezioa igotzea, osasun eta hezkuntza zerbitzuak murriztea....

Elkarte eta talde asko lotu dira grebari eta deialdia zabaldu dute, Bizkaiko langabetuen asanblada, Nafarroako jubilatuen elkartea, 900 enpresa komite baino gehiago, Ezker Abertzalea, Aralar, Alternatiba eta EA alderdiak.

Trapagaran ere prest dago grebarako. Egun osoko greba egingo da lantoki eta poligonoetan eta komertzioak 2 orduko "paro"arekin lotuko dira grebara(11:00tatik 13:00era.) Gainera kontzentrazioa egingo da herrian:

KONZENTRAZIOA
No a la reforma laboral
Eskubide sozial murrizketarik ez!
11:30tan Caja Rural aurrean
Bihar grebari buruzko segimendua egingo dugu argazki,kronika, balorazio... Trapagarango informazioa gure blogean in live! KALERA! adi!!

2010-06-24

GREBA ARRAKASTATSUA: azken aldiko manifestazio handiena Baionan.

Greba eguna deituta zegoen gaur Frantses Estatuan. Pentsioen eta jubilazio adinaren erreforma burutu nahi du Sarkozyren gobernua. Jubilazioa ("erretreta" Lapurdiko euskaran) 62 urtera igo nahi du Frantses gobernuak eta pentsio osoa jasotzeko 41 urtez lanean egotea ezarri.

Sindikatu guztiek bat egin dute greba deialdiarekin eta oso arrakastatsua izan da:10.000 pertsona bildu dira Baionako manifan. Lapurdiko 3 hospital handietako langileak bertan izan dira, baita Lapurdiko enpresa handienetako langileak ere, Turbomeca, Dassault eta Angeluko Carrefourreko langileak esaterako. Iparraldeko 27 ikastoletatik 24 itxita egon dira eta autobusen erdia ibili da.

Antzeratsu gabiltza gurean ere bai. Datorren astearterako greba orokor deialdia egin dute ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE, HIRU, CCOO, CNT eta CGT sindikatuek. Hainbat langabetu asanbladek ere dei egin dute. Adi trapagarango deialdiei!

Igandean 19:00tan asanblada dago gaztetxean gazte mailan grebako agitazio, propaganda lanak banatzeko. Etorri eta parte hartu! LOTU GREBARI!

2010-05-12

V-VENDETTA BILBON













Norena da kalea? Kalea guztiona da, zurea eta nirea, gurea eta haiena. Historian zehar jende bilgune izan da kalea, elkar gurutzatzeko espazioa, ideiak trukatzeko lekua. Azken urteotan ordea instituzio eta udaletxeetatik jendearen askatasuna murrizten duten normatibak inposatzen ari dira. Horrela kontzentrazioak, herri bazkariak, paelladak, auzoetako jaiak... debekatzen ari dira. Ildo horretatik joan zen iazko lonjero eguneko poteoaren debekua.

Udaletxeek kalea desnaturalizatu nahi dute, ez dute kalea elkargune bezala nahi, etxetik lanera eta lanetik etxera joateko pasillo bezala baizik. Plastikozko kale ilun artifizialak gure ez herrietan. Zergatik debekatu kaleko musikariak? zergatik espresio artistikoa? Zergatik beti guztia kontrolatu behar? Guztia denaturalizatu behar?

Horregatik eta kalea guztion espazio dela aldarrikatzeko protesta antolatu dute Bilboko hamaika elkartek larunbatean. 17:00tan Gran Vian. Ekarri zure instrumentu, mozorro, dantza, animazio... eta hasi jotzen! Kalea guztion topaleku!

2010-04-28

HITZALDIA: Sindikalismoa zertarako?

Gazteontzat zer da sindikalismoa? Entzuten diegu gure nagusiei esaten haiek ordu estrarik sekulan sartuko ez zutela, manifa hau dela, greba hura zela... beti haien garaiari begira. Lantegi handitako langileak ziren haiek, orain lantegi handirik ez da eta langile klasea erabat hetereogenizatu da. Enpresak txikiagoak dira, langile gutxiago, baldintzak oso ezberdinak... Ez dago lehenbesteko lanik, hipoteken menpe bizi gara... Nola antolatu langile eta kalse xumeen eskubideen alde? Sindikatuen ereduak balio al du? Hitzaldi-tertulia izango dugu ostiralean gaztetxean Galindoko General Elektrikan urte luzez egondako langile batekin.

Ostirala, apirilak 30
20:30etan gaztetxean
tertulia JON FANOrekin sindikalismoa eta gazteak


Badator maiatzak 1 eta urteroko hitzordua, langileen aldarrikapenak kaleratzeko, manifestazioak han ta hemen, mundu osoan, bandera gorria nagusi. Ikusiko ditugu Europan langile sindikatuen manifestazio jendetsuak, Kuban La Habanako plaza leporaino betea, afrika eta asiako beste askotan ordea langileak indarrez kolpatuak eta zanpatuak, mendebaldeko multinazionalen esklabu lanean jarrai dezaten.

Euskal Herrian ere krisiak badu eraginik, langabezia tasa etengabe handitzen ari da, Trapagaranen badira 864 langabetu (%15). Gero eta gazte gehiago dira hipoteka ezin ordainduz ari direnak, langabezia saria amitu zaienak... egoera larria da. Espainiako Gobernuak ordea patronala eta CCOO eta UGT sindikatu espainolen babesaz langileen eskubideen aurkako neurriak hartu nahi ditu krisia gainditzeko: ERE, despidoak, enpresen likidazioak, jubilazioa atzeratzea, BEZa igotzea. Beti langileen bizkar inoiz ez aberastasun gehien pilatzen dutenen bizkar. Euskal Herriko egoera ordea espainiarekin alderatuta ezeberdina da, langabezia tasak ez dira horren altuak, enpresa txiki asko daude... horregatik beharrrezko zaigu euskal lan espazio sozioekonomikoa irekitzea hemengo kontuak guk erabakitzeko, guk lantzeko, bestela beti guztia madriletik erabakiko baitute.

Euskal Herriko gehiengo soziala langileak gara, eraiki dezagun gehiengoaren neurrirako herria! manifak izango dira maiatzaren 1ean, ESK sindikatua hiriburuetan deitu du, ELA sindikatuak Bilbon eta LABek ordea Sestaon (kasko plazan 12:30tan). Mugitu eta eraiki euskal herri berria, gurea!

2010-04-22

ETXEKO ARKUME JANA bihar



Artzaingoa nundik nurat?
Dokumentala ikusiko dugu bihar gaztetxean. Euskal Herriko Artzainak Elkarteak eginik, zer eragin egiten dio artzaintzak mendiari? Nola bizi dira? Etorkizunera begira nola ageri da? Zein zailtasun eta erraztasun dauka bizimodu honek?
20:30etan GAZTETXEAN

Ondoren BASERRIKO ARKUME JANA 21:30tan gaztetxean.
GARAIAN GARAIKOA!

2010-03-05

Gu geu: aske, emakume eta puntu!

Badator martxoak 8, emakumearen nazioarteko eguna eta ohikoak diren adierazpen instituzionalak, agerraldi xarmangarriak, hitz ederrak... eta beste urte bat gehiago pasatu.

Emakumeok ardura pisutsuak izan ditugu gizartean historian zehar, etxeko-baserriko lanak, haurren heziketa, kulturaren transmisioa... Beste esparruetara sarrera ordea oso itxia izan dugu, eskubide mugapen askorekin duela gutxi arte. Iragan mendekoak dira soilik bozka eskubidea, kalea eskuratzea, etxetik kanpo lan egitea... Oraindik ordea berdintasunerako aurrerapausu nabarmenak falta dira (lan munduan, bizi publikoan, elkarteetan, kalean...). Urteak joan urteak etorri eta lepoan dugun soka ez da eteten, segitzen dugu rolak errepikatzen, gazte mailan, harremanetan, gero bikote bizian. Nabarmena da: gure herriko lonjetan, edo kaleetan non gaude neskak? Non dago gure ahotsa?

Duela hilabete ahoz aho izan genuen Trapagaranen pasatu zen emakume baten aurkako erasoa. Nola da posible honen aurrean herrian protestarik ez izatea? Nola udalak halakoak pasatutakoan emakumea babesteko planik ez izatea? Eta guztiok segitzen dugu gure lanetan, gure kontuetan. Noiz arte? Noiz elkartuko gara eta esan ozen halakorik ez dugula onartuko gure herrian ez inon?

Hau eta beste hainbat aldarrikapen estu harturik, 5 urtean behin, berdintasunaren alde antolatzen da Mundu mailako emakumeon martxa. Euskal Herrian ere herriz herri arituko da martxoaren 8an hasi eta martxoaren 18ra bitartean. Meatzalde-ezkerraldetik pasatuko da martxoaren 10ean beraz adi eta lotu martxari. Emakumeok gure herrietan aske! gu geu garena! Trapagaranen zerbait antolatzeko garaia ez ote da heldu?