Pages

mundua etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
mundua etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2011-04-03

NEWROZ, kurdistan eta Euskal Herria.


Newroz duela bi aste ospatu zuten Kurdistanen. Kurduen aberri eguna. Martxoaren 21ean mendi kaskoetan sua eginez ospatzen dute Kurduek urte berria eta horrekin batera haien eguna.

Munduko estaturik gabeko nazioetan Kurdistan da handiena. 40 milioi Kurdu, 4 estatutan banatuta, Siria, Irak, Iran eta Turkia. Azken hau, Turkia, da hain zuzen Espainiarekin batera XXI.mendeko Europan alderdiak legez kanpo utzi eta militante politikoak kartzelatzen dituen bakarra. Hala pasatu da Kurduek sortu dituzten alderdi politiko guztiekin. 9 aldiz sortu dituzte alderdi berriak Kurdistanen eta 9 ilegalizazio izan dira. Ezker Abertzalearen aurkako Espainiako epaiak oinarri hartuz, azken aldian Turkiak DTP (Gizarte Demokratikoaren Alderdia) legez kanpo utzi zuen.

Espainian eta Turkian XXI.mendeko inkisidoreak lanean dabiltza, azkena Espainia aldetik heldu zaiguna. Auzitegi Gorenak SORTU alderdiari ez dio uzten hauteskundeetan aurkezten. Euskal Herriko sentisibilitate oso bat legez kanpo. 20.000 pertsona "zikin" aurretik zerrendaren batean joategatik eta hauteskundeetara aurkeztu ezinik.
26.500 lagun Bilbon manifestatu ginen atzo. Legalizazioren alde eta normalizazioaren alde. Euskal Herrira ere udaberria helduko al da! NEWROZ PIROZ BE!


2011-02-23

23 - F: LIBIA eta PANARABISMOA

Arabiar herrialde guztietara zabaltzen ari dira protestak. Tunisian hasi zen, Egipton jarraitu eta oraingoan Libian jarraitzen dute herritar protestek. Gainera Barhein, Yemen, Jordania, Irak eta Iranen ere hasiak dira manifestaldiak eta liskarrak.

Nola gauzkate komunikabideek informatuta? Bitxia egiten da mendebaldeko estatuen jarrera aztertzea. Orain gutxi arte Europar estatuak afrika iparraldeko gobernuekin petrolio eta gas negozioetan aritu direnean, afrika iparraldeko gobernu guztiek zeukaten label demokratikoa, ez zegoen arazorik inon. Orain ordea herritar matxinadak piztu direnean kontatzen digute urte luzeetan gobernuan daramaten diktadura zorrotzak direla. Langabezia tasak itzelak direla. Exportatzen duten petrolio, gas eta balibideek ez dutela herritarren ongizatea hobetzen....

Arabiar herrialdeetako gobernuen jatorria: INTERNAZIONAL SOZIALISTA

Gaurko arabiar estatuetako diktadurek 60.hamarkadan dute jatorria. Deskolonizazio prozesuen ondoren eman ziren iraultzek hasieran itxura ezkertiarreko gobernuak ekarri zituzten arabiar herrietara. Horrela izan zen Libiaren kasua. Mohammed Gaddaffi 1969an iritsi zen boterera Libiako iraultzaren ondorioz. Libiako erregea kaleratu zuten, arabiar sozialismoaren jarraitzailea izan zen, ildo anti-inperialistekoa, horregatik kaleratu zituen Libiatik bertan zeuden italiar guztiak 1970.ean.
Garai hartako iraultzen ondorioz sorturiko afrika iparraldeko arabiar gobernu ugari bezala orduko internazional sozialistan egon ziren sartuta. Gobernuburu haiek gero denborarekin ildo horretatik urrundu, mendebaldeko estatuekin lerratu eta haien menpe jarri ziren arte. Petrolio eta gasa izateak zein Europako enpresa handiek bertan dituzten interesek eman mendebaldeko estatuen onespena eta laguntza.


Bi aukera: Apurketa edo espainiar estiloko transizioa

Egoera horretan, ikaragarrizko langabezia tasen artean, gazteentzako etorkizunik gabe, afrika iparraldeko diktadurek etengabe armada handitzen, beraien inguruko jauntxoak gizentzen, ez dute jakin aberastasuna banatzen. Petrolio eta gasak ematen dizkien baliabideek ez dute herritarren ongizatea hobetzeko balio izan. Hor piztu dira protestak eta borrokak. Orain zer gertatuko den da galdera. Bi aukera nagusi daude;:

Iraultza: Herritarren protestek jarraitu eta egiazko aldaketak gertatzea. Herri boterea, arabiar herrialdeak gobernatzeko estilo propioa garatzea, aberastasuna banatzea, herrialdearen garapenean, ikerketa, baliabideetan, inbertitzea... Munduaren aurrean haien subiranotasuna gauzatuz.

Espainiar moduko transizioa: Gaur da 23F eta egunkari guztietan azaldu da 1981ean Tejerok eman zuen estatu kolpearena. Askok aipatu dute kolpe horren ondorioz ez zela egon frankismoarekin apurketarik eta Espainiako "demokrazia" sortzeko balio izan zuela. Azala aldatu mamia ez aldatzeko. Lehengo jauntxoak edo haien semeak boterean jarraitzeko. Azken egoera hau da Europako gobernuek bilatzen dutena, herrialdeetako jauntxoekin tratuetan jarraitzeko.


PANARABISMOAN al Andalus
60.hamarkadako iraultza islamikoetan garatu zen ideologia zen Panarabismoa. Arabiar herrialde guztiak elkartzearena, gaur egun ikusten da baldintzak antzekoak direla. Afrika iparralde guztia sutan dago, nork daki laster batean iraultza sukarra Andaluzian gora hasiko ez ote den, azkenean Espainia hegoaldeko langabezia datuak (%40) ez dira afrika iparraldeko hain ezberdinak eta herri boterea lortzeko antolakuntza eta borroka, ez dago besterik, hemen eta Soweton.

2011-02-14

Tunisiatik Egiptora eta erdian Trapagaran.


Harri eta zur gauzka hilabete eskasean arabiar herrialdeetan zabaldu den matxinadak. Tunisian hasi zen iraultzak olioa uretan zabaltzen den gisan, berehala izan du segida Afrika iparralde osoan. Ez dakigu asko eskualde haietaz, ez dugu hango egunerokotasunaren berri, alta badira burura etortzen zaizkigun hainbat ideia.


1-Afrika iparraldeko biztanleen arazoek estatuak gainditzen ditu. Minoria ezberdinak, tribu eta herri ezberdinak bertan bizi badira ere, gizarte, sozial egoera eta bizimoldea antzeko baldintzetan garatzen dela. Horrek eragin du matxinadak estatuen gainetik zabaltzea.

2- Orain arte mendebaldeko estatuen lagunak izan diren estatuak, ezkutatutako diktadura luzeak ziren. 23 urte inguru zeramatzan boterean Tunisiako presidenteak. 30 Egiptokoak. Bitxia egiten zaigu duela gutxi Tunisiako gobernua arabiar herrien eredutzat goraipatzen zuen Nicolas Sarkozy ikustea orain herri matxinaden alde hitz egiten.

Herriak hartu du kalea, eta orain zer?
Piztu da arabiar herria. Urte luzeen ondoren kalea hartu du herriak. Kontua da mendebaldeko herritarrei demokrazia eredugarri bezala saldu dizkiguten gobernuak Europa eta Ipar ameriketako enpresa eta agintarien txotxongilo ziren diktadoreak besterik ez zirela.

Herria piztu da eta egoera ez da gehiago lehengora itzuliko, irekidura bat datorrela dirudi. Aldiz Amerikako Estatu BAtuetako (AEB) presidentea matxinaden alde hitz egiten entzuteak ez du esperantzarako tarterik uzten. Lortuko ahal dute arabiar herriek munduan libre azaltzea? edo erreforma batzuek eginda sortuko diren gobernu berriek segituko dute mendebaldeko interesen txotxongilo izaten? Bigarrenak dirudi aukerarik errazena.


Dena den arabiar herriaren matxinadak erakusten du herria inork espero ez duenean pizteko gai dela. Inork ez zuen Tunisiako herriaren matxinada espero. Are gutxiago matxinada horrek Egipton, Algerian, Yemenen izango zuen segida. Horretan gaude gu ere Euskal Herrian. Herri boterea dugu helburu, lan dezagun herria, herritarrei baloreak, pertsona libreen duintasuna itzuli, ilusioa, borrokatzeko gogoa. Sistemak aberats eta boteretsuentzat soilik balio du. Etorriko da ere gure ordua, erein dezagun gure lurra, emango du fruitua.

2010-10-11

El Salbadorreko FMLN mugimendu iraultzaileak 30 urte bete ditu.

Frente Farabundo Marti de Liberación Nacional (FMLN) El Salbadorreko mugimendu ezkertzale ezberdinen arteko elkarlanean sortu zen 1980.urtean. 70 eta 80. hamarkadetan Hego Amerikan antolatzen ari ziren mugimendu iraultzaileen baitan kokatzen da FMLNren sorrera. El Salbadorreko langile eta nekazari klaseen interesen alde, gobernu iraultzaile ezkertzale bat lortzea zuen helburu. Horrela 1981.urtean FMLN armetan altxatu zen Estatu Batuen laguntzaz jauntxoen pribilegioak babesteko zegoen gobernu eskuindarraren kontra.

1981ko altxamneduak ez zuen gobernua aldatzea lortu, horrela FMLN mendietan klandestinitatera pasatu zen. Gerrilla antolatu zuen nekazari inguruetan eta ekintza taldeak hirietan, El Salbadorreko gerra hasi zen eta 1989 arte iraun zuen. FMLNk indar handia zuen gizartean, nazioartean ezaguna zen eta ondorioz 1989an bake negoziazioak hasi ziren gobernu eskuindarra eta FMLN artean. 1992an bake akordioak sinatu ziren eta FMLN alderdi politiko bihurtu zen. Prozesu honetan Euskal Herriko askapen prozesuan kanpotik etorritako hamaika lagun inplikatu diren moduan El Salbadorrera joandako euskaldunak ere aritu ziren borrokan hala nola Pakito Arriaran , FMLN barruan aritu zen iraultzaile arrasatearra.

1994ko hauteskundeetan FMLNk botoen %22a lortu zuen, 2003an jada bozken %35a egin zuen eta 2009an hauteskundeak irabazi ditu lehenbiziko aldiz El Salbadorren ezkerreko gobernua lortuz. Horrela El Salbador Hego Amerikako ezkerreko gobernuekin lerratzen da gaur egun, FMLNk segitzen du kalean lanean, gizarte aldaketan eta gobernutik aldaketa prozesua azkartu nahiean. Herritar sektoreetako kide izatea, justiziaren alde antolatu eta etengabeko aldaketan murgiltzea ez da bide erraza izan, FMLN-k ordea jakin du oihanetik gobernura iristen, ikusiko dugu fase berriak zer ekartzen duen El Salbadorrera. Baina dudarik gabe, akatsak akats eta oztopoak oztopo, herritar sektoreek segituko dute beti bezala bihar ere etengabeko aldaketan egiazko justiziazko mundu hobe baten aldeko ekin bidean. Zorionak FMLN! 30 urte askatasunaren bidean!
"cambia, todo cambia
cambia el sol en su carrera cuando la noche subsite
cambia la planta y se viste de verde la primavera
cambia de pelaje la fiera, y de cabello el anciano
y así como todo cambia, que yo cambie no es extraño
pero no cambia el amor por más lejos que me encuentre,
ni el recuerdo ni el dolor de mi pueblo y de mi gente
y lo que cambió ayer, tendra que cambiar mañana
así como cambio yo en estas tierras lejanas
cambia, todo cambia"

2010-10-04

DOKUMENTALA: 11S engaño global

2001eko irailaren 11k mundua aldatu zuen. Dorre bikien aurkako atentatuak 3000 pertsona baino gehiago hiltzea ekarri zuen. Hortik aurrera ere munduaaldatu zela esan liteke, Afganistan eta IRaken aurkako gerrak, mundu mailako "terrorismoaren" aurkako neurriak, segurtasun neurrien zorroztea... munduaren historian inflexio puntu bat izan zen egun hura dudarik gabe. Bertsio ofizialaren aurrean ordea badaude beste ikuspegi batzuk. Hemen jarri dugun dokumentala adibidez. 11S ENGAÑO GLOBAL.


2010-08-20

MUGAK eta MUGAK: romani nomadak Melillatik


Aldian aldian jakiten dugu Afrikako Espainia diren lurretako saltsen berri, batzutan Ceuta, bestetan Chafarinas edo Perejil, Melilla oraingoan. Itsasoa tartean izan arren, Espainia handiak ez du Afrikatik bere oina atera nahi. Basamortutik iparraldera etengabean datorren erreka geldiarazteko eraiki duten harresi eta alanbradek ordea egun eta gau diraute harroka mutur horien inguruan zutik. Aski izan dira Marokoko arabiarrek egindako protesta ekintzak segituan danek elkarrekin, (Aznar, Erregea, ministroak...) Espainiaren bandera haizatzeko. Espainia Handia, Espainia inperiala. Polizia, ejerzitoa, tanke blindatuak eta alanbradak. Mugak ez besterik.

Deportazioak ordea bestaldean. Frantziak ehundaka ijito nomada deportatuko ditu asteburuan Rumania eta Hungariara. Nahasketa arriskutsua omen, nomadak eta ijitoak, gainera emigranteak eta paperik gabekoak. 40.000 dira Frantzian batetik bestera, nolabait bizi nahi eta bidean bizimodua ateratzen dutenak. Errez topatu omen du konponbidea Sarkozyren gobernuak, hegazkinean sartu jendea Budapest edo Bukarest helburu. Bertan utzi. Europako Batasunean deportazioak non eta giza eskubideen defendatzaile handia omenden Frantziako Errepublikan.

Mugak batean, mugak bestean. Bitxia dirudi, euskaldunak edo katalanak omen baikara gero "separatistak", mugak jarri nahi ditugunak, "mundura itxiak"... Estatu handiak aldiz irekiak, hemendik ikusten dena ordea ez da hegazkinak eta harresiak besterik. Guk ez dugu harresi eta hegazkinezko Euskal Herririk nahi. Euskal Herriko biztanleriaren %40a kanpoko etorrikoa da, hala dira gure guraso edo aitite amamak. Gure herria aske nahi dugu ordea gure ekonomia, industria, irakaskuntza, unibertsitatea, lurralde garapena, kultura, kirola... antolatzeko, bertan bizi eta lan egiten dugun guztion artean erabakitzeko, jaio Senegalen, Extemaduran, Rumanian edo Bolivian. Luza eskua! Ez hegazkinik ez alanbrerik. Euskal Herria munduan libre!

2010-05-17

NAKBA: 62. urte. Free Palestina!


Maiatzaren 15a, San Isidro eguna baserritarrentzat, NAKBA palestinarrentzat. Nakba (النكبة) hitzak hondamendia esan nahi du arabiarrez. 62 urte pasatu dira Israeldar estatua sortu zela Palestinako lurretan, horrela israeldar eta arabiarren arteko gerra piztu zen (1946-1948 artean). Ondorioz 700.000 palestinar errefuxiatu behar izan ziren inguruko herrialdeetako kanpamendutan (Libano, Siria, Jordania...) zein Gaza edo Zisjordanian.

62 urte eta oraindik palestinarrek segitzen dute haien etxetara itzuli ezinik. Israeldarrak ordea harresia eraikitzen ari dira Palestinan, interesatzen zaizkien lurrak lapurtuz, ura eta beste baliabideak haien aldean utziz eta populazio palestinarra bazterturik, haien herrietan itxirik-isolaturik utziz.

Maiatzaren 15ean Israeldar estatuaren sorrerarekin bat eginez, Palestinarekin elkartasunez protestak egoten dira mundu osoan. Hemendik ere doa gure elkartasuna: FREE PALESTINA!

2010-04-21

Hasi da Cochabamban aldaketa klimatikoaren aurkako herrien gailurra.


Atzo hasi zen Cochabamban (Bolibia) ALDAKETA KLIMATIKOAREN AURKAKO HERRIEN GAILURRA. Iragan abenduan Kopenhagen egin zen aldaketa klimatikoaren aurkako gailurraren porrotaren ondoren deitu zuen gailur honetara Boliviako presidente Evo Moralesek.

Klima aldaketa geldiarazteko, murgilduak gaituen sistema kapitalistaren oinarrizko aldaketa eskatzen du Moralesek. Industrializatutako herriei kutsatzeko mugak jarri, armadetarako aurrekontuak aldaketa klimatikoa geldiarazteko bideratzea, kontsumo eredu ero basatia geldiaraztea dira. Emakumeak, indigenak, hegoaldeko herrietako ordezkariak... izango dira bertan bilduko direnak. Garrantzitsua haien ahotsa entzutea.Azkenean haiek dira aldaketa klimatikoaaren ondorioak oraindik orain beren larrutan gehien sufritzen dutenak.

2009-07-08

Gu gaur UIGUR



Uigur herriaren oihua heldu zaigu gaztetxera. Ekialdeko Turkestanen bizi den herria da Uigurrena, Txinaren menpean. Txinarentzat lurralde estrategikoa da Ekialdeko Turkestan. Kazakhstan zein inguruko estatuetatik Txinako kostaldera doazen energia bideak Uigurren lurraldetik igarotzen baitira. Horregatik nahi du Txinan nagusi den Han etniak lurralde hori menperatu. Eta noski hemen bezala han ere asimilazio eta ukazio politikak erabiltzen ditu Txinak Uigur herria desagertarazi eta bere lurrak lapurtzeko. Uigurren hizkuntz eta ohiturak ezdira ofialki ezagutuak, protestak bortizki zanpatuak dira, Uigur emakumeei ez diete haur bat baino gehiago izaten uzten Han etniakoei 2 izaten uzten dieten bitartean, lanik txarrenak dira Uigurrentzat. Gainera Txinako gobernua Han etniakoen emigrazioa bultzatzen ari da Ekialdeko Turkestanera, Uigurrak bertatik mendebaldera kanporatzen ari den bitartean.

Izango dira ezkertiar klasikoak Txinako alderdi komunistaren alde ariko direnak, Uigurrak eskuinaren morroiak direla esaten... Agian iraultza garaian Txinako nekazarientzako garrantzitsuak izan ziren aldaketak ekarri zituen alderdi komunistak. Baina zoritxarrez ekialdeko bloke komunistak (Sobietar Batasuna) bultzatutako eredu inperialista baliatzen du oraindik orain bere barne aldarrikapenak errepimitzeko. Barkatuko digute ezkertiar klasikoek baina gaur iraultzaile izatea UIGUR izatea da. Bertako emakumeekin, haien burujabetzaren alde, haien herria izan dadin euren baliabideen jabe. Uigur edo euskaldun, Etorkizuneko ezker berri rantz. Herri boterearen alde. Elkartasuna! GU GAUR UIGUR GARA.

2009-06-09

Asteko errepasoa: Mundutik platano artera.

Asteazkenean Groenlandiako hauteskundeak izan ziren. Inuit Ataqatigiit alderdi ezkertiar eta independentistak irabazi zituen hauteskundeak. Groenlandia Danimarkaren menpean dago. Azaroan onartu zuten autonomia estatutu berria, bertan autodeterminazio eskubidea onartzen zaie Groenladiarrei. Beraz, inoiz baino gehiago etorkizuna herriaren eskuetan, independentziarako ateak zabalik dituzte iparraldeko izotz irlan.

Hemen berriz betiko saltsak, Garoñako zentral nuklearrari (Espainiako zaharrena) beste hamar urteko bizia luzatzearen alde jo du CSN batzordeak. Arabatik 5kmra. Herritarrek askotan erakutsi dute zentral honekiko desadostasuna. Zentralak estatu osoaren energiaren %1a prodizitzen du eta krisiarekin nahastuz, hor dira energia konpainiak zentrala itxiz gero prezioa garestituko dutela presionatuz. Zertarako eztabaida piztu, zertarako herritarrei galdetu? Azken erabakia Espainiako gobernuaren esku.

Frantziako gobernuak Abiadura Handiko Trenaren Lapurdiko zatia ez egitea erabaki zuela jakin genuen joan den astean. Igandean dena den erreferendumak egin zituzten Milafranga, Lehuntze eta Mugerren. Erreferendum legalak, europako hauteskundeekin batera egin zituzten. Parte hartzea %42koa izan zen eta AHTren aurka azaldu ziren hiritarrak (%90). Hegoaldean erreferendumak antolatzen dituzten alkateak epaitegira eramaten dituzten bitartean.

Zer ez aipatu Europako hauteskundeetaz, Iniziatiba Internazionalistaren botoak Espainiako mahai askotan ez ziren egon, katalunian aurrekoan baino 33.000 papeleta zuri zenbatu dituzte, 150.000 boto nulo gehiago estatu osoan, Euskal Herrian berriz hainbat bozka beste alderdietara desbideratu ditu ministerioak. Norbait jkozinatzen aritu da. Espainian hau guztiari demokrazia deituko diote. Gure etxean platanoari banana eta estadu españolari "monarquia bananera". Haungandik lehenbailehen askatu, guretzat hobeto.

2009-05-01

CHECKPOINT ROCK



Fermin Muguruzak zuzendutako dokumetala estreinatu berri da Donostiako Giza eskubideen VII. zinemaldian. Dokumetalak Palestinan barnako bidaia proposatzen du, bertako musika eta egoera ezagutuz. Hiriburuko neoi argi disdiratsuetatik, Israelen dauden arabiar auzo marginatueraino. Zisjordaniako lurralde okupatuetatik, checkpointak gurutzatuz, Gaza bihurtu duten kontzentrazio esparrura. Bertako musikara hurbiltzen da dokumentala. Kaleko hip hopero gazteengana, musikari tradizionalengana, rock taldeengana... Palestinako laztasunean beren lana aurrera eramaten saiatzen diren horiengana. Gezurra badirudi ere sufritzen duten herriek ere kantatzen dute, bizi nahi baitute.

Hemen irratia.com-etik jasoriko bideo zatia. Musikaz zein oihuz FREE PALESTINA! Bertara gerturatzeko aukera paregabea.

2009-04-28

TXETXENIATIK EEAMera


Heldu da berria: Errusiak Txetxeniatik gerra egoera altxatu duela. Normalitatea heldu omen dela Kaukasoko txoko horretara, Txetxeniarrak garaituak izan direla.

Errusiatik Sri Lankara, han ere izugarria da gobernuak Eeam askapenerako Tamil tigreen (LTTE) aurka daraman ofentsiba. Tamilek kontrolatzen zuten lurraldetik gerrillariak bota eta egoeraren kontrola eskuratu omen duela, aditu dugu notizia.

Bietan ala bietan tamil zein txetxeniarrentzat sarraski itzelak, triskantzak, errepresioa, gerra eta ukazioa. Estatu zapaltzaileen bota bizkarrean, bonbak teilatuetan, tiroak gorputzean. Estatu ek indarrez desegin nahi izan dute herri zapalduen erresistentzia sugarra, askatasun gogoa. Orain esaten digute gerrillarriak txikituta "bakea" heldu dela. Erromatarrek ere ezarri zuten haien pax romana, euskaldunetaz ere asko izan ziren erdi aroan DOMUIT VASCONEs esaldia erabili zuten errege arrotzak. Geroago, Frankismoan 50 años de "paz" ospatu ziren . Aldiz, orain ere , entzuten dugu ETAko kideren bat frantzian atxilotzen duten bakoitzean buruzagiren bat harrapatzen dutela. Berriz ere domuit vacones, domuit tamil edo domuit txetxen.

Herri ukatuen arazoa ez dugu munduan berria, txetxeniarrak siberiara deportatuak izan ziren Stalinen garaian, 2 gerra bizi dituzte 10 urteetan, orain aldiz hemen antzera errusiaren aldeko gobernuak ezarri dute boterean. Han ere zipaioak! Baina norbaitek uste al du deportazioak, hilketak, desagerketak jasandako herria armen bidez, inposaketaz desagertuko dutenik? Berriz ere esango digute domuit txetxen, domuit vascon, domuit tamil. Eta guk aldiz hor iraungo dugu, ahulago batzuetan, indartsuago besteetan. Askatasunaren bidean tinko, mundu justu eta hobe batean gure alea aportatzeko.

AURRERA TXETXENIARRAK, AURRERA TAMIL HERRIA! ELKARTASUNA!

2009-03-21

NEWROZ.


Martxoaren 21a, udaberriaren etorrera guretzat, kurduentzat NEWROZ. Kurdistango aberri eguna. Sua eginez aldarrikatzen dute haien herri zatituan, mendi eta zelaietan badirela.

Kurduak 4 estaturen menpean banaturik: Turkia, Irak, Iran eta Siria. Orohar, haien hizkuntza debekaturik, haien ikurrak zigorturik, komunikabideak sortzea, hezkuntza izatea, kultura garatzea, ekonomia eta baliabideak gestionatzea ezinezkoa... Milaka izan dira haien etxeetatik mendira jo duten gizon emakumeak, milaka beste herrietara exiliatuak. RojTV-k (kuduren telebista) alemaniatik emititzen du, PKK-k mendietatik erantzun eta kurduek gaur, haien herri eta auzoetan sua piztu, kantuz, dantzaz, egun berriari ongi etorria egin. Biharko egunsentiak askatasuna haizea ekar diezaien. Zagros mendietako garrak gure leihoetatik ere aske ikus daitezen.

Kurdu, korsikar, bretoi, palestinar, tamil, euskaldun... askatasuna denentzat.
BIJI KURDISTAN!

INFO+: HPG (herriaren defentsarako indarren orria)

2009-03-06

GAZAko bonbardaketak zuzenean dokumental batean.

Alberto Arce kazetariak dokumental bat egin berri du GAZAko egoerarekin. WIPPED OF THE MAP du izena. Trilerra jada sarean dago. Gazako egunerokoa, latza, bidegabea, bortitza, bertan islatzen da. Gure oihua:
FREE PALESTINA!!

2009-02-05

Solidarity with the Basque Country

Ez gaude bakarrik munduan. Asko eta asko dira zapalduak diren herriak eta pertsonak. Asko dira ere herri ttikiei laguntzeko prest diren munduko herritar ezkertzaleak. Gure egoeraren berri munduan zabaltzeko otsailaren 6 eta 15a bitarte Euskal Herriarikekiko II.elkartasun astea antolatuko dute mundu osoko txoko ezberdinetan. Askatasunaren bidean Euskal Herria ez dago bakarrik.

2009-01-29

DAVOSetik AMAIURrera: Baiona eta Belem

Asteartean Suitzako Davos hirian hasi zen munduko ekonomia foroa, estatuetako agintariak, bankuetako nagusiak eta enpresari dirudunak. Krisi ekonomikoaz hitz egiten.Aldi berean, Brasilgo amazoniako Belem hirian, munduko jendarte foroa. 100.000parte hartzaile, mundu osoko 6.000 mugimendu, sindikatu, herri indigenen ordezkari, estaturik gabeko nazioak... Belemen elkartuko dira guztiak, beste mundu posiblearen proiektuan aurrera eramateko ardatzak zehaztu asmoz.

Jauntxoak batean, herri xumea bestean. Zapalkuntza, esplotazioa eta aberastasunaren pilaketa batean, beste mundu hobe eta justu baterako proiektua bestean.Bitartean Euskal Herrian, estatuen harresia. Euskal Herriko Laborantxa Ganbera (EHLG) ren aurkako epaiketa frantses gobernuaren eskutik. Duela lau urtetik ona nekazaritza iraunkorraren alde egindako lan txukuna ixilarazi nahi dute. Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberuarako bertako egituren aldeko dinamika zapuztu nahi dute.

Pirinioen beste aldean, mendebaldean atxiloketak eta ilegalizazioa. Iruñean berriz Nafar gobernuko agintariek 1512ko konkista ospatzeko asmoa azaldu dute: "el comienzo de una Navarra foral y española". Nafarroako alkate eta herritar talde bat aldiz igandean Amaiurren bilduko da. Espainiar konkistaren aurrean iraun zuen azken gazteluaren oinetan, bertan hildako nafar gudarien ahalegina oroitzeko.


Debekuak, ukazioa eta epaiketak batean; aldaketarako nahia, gogoa eta indarra: HERRIA bestean.
Orduan bezala gaur ere...
ezpatek gorantza
irrintzi baten zain
kateak eskuan
libre izan nahi
izerdi gorriz jantzita
armarriko arranoa

BESTE MUNDU BAT POSIBLE DUGU... LORTUKO DUGU!

2009-01-22

KONTZENTRAZIOA: أنقذوا فلسطين

Elkartasuna, solidarité, solidaridad. DAM taldea (Palestinian hip-hop), Gazatik zuzenean:



Elkartasuna, solidarité, solidaridad. Injustiziak ugariak dira bizi garen mundu eroan. Herri zapalduak, emakumeen eskubideak, hirugarren munduko herritarren egoerak, inmigranteak, langabetuak... Diruak agintzen du: handi mandien interesak pertsonen eskubideen gainetik, boteretsuen kateak herriaren askatasun haizearen gainetik.

Handi mandien aurka, giza eskubideen alde! Palestinar herriari elkartasuna adierazteko kontzentrazioa egingo da Trapagaranen. Bil gaitezen eta oihu ozen: PALESTINA ASKATU!

EGUNA: Urtarrilaren 23a, ostiralez ORDUA: 20:00etan
LEKUA: BBK aurrean (Trapagaran)

Palestinari buruz INFO+ izateko oso interesgarria irratia.com-eko 132.saioa:

2009-01-20

TRAPAGARANEK: free palestina!

أنقذوا فلسطين

Free Palestina! Gazako errauts artetik heltzen zaigun garraxia. Eta guk zer egin dezakegu?Sentsibilizazio eta gizarteratze kanpaina bat izango da hurrengo egunotan Trapagaranen.

1-Erakutsi desadostasuna eta ipini kartela, zure lonjan, komertzio edo tabernan, lantoki, institutu edo eskolan. TRAPAGARANEK ere FREE PALESTINA!

2- Egin"ISRAELI BOIKOT!". Hori da Palestinako 200 erakunde baino gehiagok munduari egin dioten eskaria. Ez da mundu mailako boikot bat deitzen den lehenengo aldia. Nazioarteko boikotaren bidez amaitu zen Hegoafrikako apartheid-arekin. Horretarako egin dugu eskuorria herriko komertzio eta tabernetan zabaltzeko.

3-ETORRI kontzentraziora!!
EGUNA: Urtarrilaren 23a
ORDUA:20:00etan
LEKUA: BBKren aurrean

2009-01-07

DOKUMENTALA: "Raices del conflicto Palestino-Israeli"

Elurra ari du kaleetan. Iparraldeko latitudeetatik txoriak heldu dira gurera eta horrekin ehiztariak zelai eta mendietan. Ez dira ordea txoriak jausten ari diren bakarrak. Egunotan Israelgo armada Gazan sartu da. Tankeak, misilak, helikopteroak eta misilak. Gerra Palestinan. Hildakoak ehundaka, txoriak bezala gizakiak Palestinan.

Zergatik gatazka hau? Nondik dator arazo hau? Bideo proiekzioa egingo dugu ostiralean gaztetxean. Hemen duzue dokumentalaren lehenbiziko zatia:

RAICES DEL CONFLICTO PALESTINO ISRAELI
Eguna: Urtarrilak 9, ostirala
Ordua: 20:30ak
Lekua: Basetxea.
HEMEN DOKUMENTALA OSORIK:






2008-12-30

FREE PALESTINA!!!

Ez dago urteberririk Palestinan, ez dago argi berririk. Hango irudiak ikusi ditugu egunotan. Ehundaka hildako, palestinarrak zangopilatuak, zapalduak, txikituak, erraustuak, Israelgo bonben azpian.

Europako agintariak aldiz interes ekonomikoei begira; ixilik txikizio eta hilketen aurrean.

Israel: Palestinarren lurren okupazioan oinarrituriko estatu zapaltzaile eta terrorista. Bere aurrean hemen bezala, han, herri bat bere askatasunaren bila. Libro bizi nahi duen herri bat.

Bilboko kultur bilgune islamikoak eta Euskal Herriko arabiar komunitateak protesta deitu dute. Ez gaitezen ixilik geratu. Munduko herri zapalduekin elkartasuna:
FREEDOM for PALESTINA! PALESTINA askatu!
Urtarrilaren 2an, ostiralez
19:00etan
Arriaga plazan (Bilbo)

INFO+: Zer gertatzen da Palestinan?
Palestinari buruz gehiago jakin nahi baduzu, badago 1998an Imanol Muruak Palestinara egindako bidaia kronika bat, egoerak, elkarrizketak... Palestina zauritua. Liburua osorik dago interneten.