Ongi etorri 2011! Urte berria etorri da, zaharra joan. Harekin batera balorazioak, politikoen deklarazioak, eguberritan ere Olentzero, Pirritx eta Porrotxen mezua eta espainiako erregearen matraka. Zer eskatu urte berriari? Egunkarietako balorazioetan azaldu denez, 2010.urtea natur katastrofeetan azken hamarkadetako txarrena izan da, klima aldaketaren eragina hasi omen da agertzen, hegoaldeko herrialdeak kolpatuz nagusiki.
Trapagaranen segitzen dugu hamaika proiektutan murgilduta, egiazko herri bizi baten bidean urratsak emanez. Izan euskal kulturgintzan Trapagarango bertso eskola sortzeko ahaleginean, izan herrigintzan lonjen arteko gazteen sarea dinamizatuz eta indartuz, edo herriko inauteri zaharra berreskuratu eta berrasmatuz. Bikote, lagun talde edo norbanako proiektutan bagoaz independentziarantz gurasoen etxetik alde egiteko ahaleginean. Ikasketetan jarraitzen dugu buru belarri edo gure herri inguruan lana bilatzeko ahaleginean.