Pages

2013-08-27

Jai herrikoien alde bide berrian hasi eta egitarau txiki bat prestatu du gaztetxeak jaietarako.


Urte luzeetan jai herrikoi eta partehartzaileen alde lanean egon ondoren, jaien arloan hausnarketa eztabaida batean egon gara aurtengo udan gaztetxean. Horrela ikuspegi herrikoi batez jai egitarau txiki bat osatzeko nahia piztu da gazteriarengan: herriko kulturgileetatik abiatu nahi dugu, bide eta aukera berriak emango dituen esparru benetan herrikoia ireki asmoz. Hauek izan dira eztabaidan atera ditugun ondorioak.

1-JAI HERRIKOIETAN AZKEN URTEOTAN ASKO AURRERATU EGIN DUGU:
Orain urte batzuk jai batzorderik gabe kulturgintza enpresek antolatzen zituzzten herriko jaiak. Ordutik etengabean jai herrikoien aldeko lanean aritu da gaztetxea etengabean. Jai batzordea ireki eta herritarra izatea lortu da. Bajada eta goitiberak berreskuratu dira eta kuadrilen liga sortu da, herrikoitasunean eta  partehartzean aurreratuz.

2-JAI BATZORDEAK BADITU BERE MUGAK.
Jai batzordeak ordea bere mugak baditu. Udalak jaietarako 200.000euro baliatzea goxoki gozoa da kultur enpresentzat eta udalak haiei joko egiten die. Horrela kultur eta subkontrata enpresek kudeatzen dute presupuesto gehiena, jai batzordea gaueko kontzertuak zeintzuk izango diren erabakitzera mugatzen da eta orokorrean taldeen proposamen txikiak eztabaidaren bazterrean gelditzen dira.  Kulturaren kudeaketak suposatzen duen negozioaz aparte beraz ez da jai batzordean herrikoitasuna eta partehartzea asko lantzen.  
3-AUZOETAKO JAIAK DIRA PARTEHARTZE eta HERRIKOITASUNAREN EREDU.
Auzoetako jaiak dira guretzat jai herrikoien eredu (INFO+: Turuta irratiaren auzoetako jaiei buruzko irratsaioa). Gehienak herritarrek zuzenki kudeatzen dituzte, partehartzea handia izaten da eta auzoko baliabide eta jendeetan oinarritzen dira. Nola landu kontzeptu horiek gure herriko jai nagusietan? Nola gehitu genero berdintasuna, kultura komertzialaren aurrean gure herriko identitatea landu eta jaiak bertan sustraitzea eta diruaren aurrean sentimentuak eta harremanak lantzea?


4-JAI HERRIKOIEN ALDE BIDE BERRIAK IREKITZEKO BEHARRA.
Jai batzordean udalak markatzen du gai ordena. Kudeaketa ekonomiko hutsean murgildurik dago udala eta ez du interesik jaien ikuspegi kolektibo soziala lantzeko, horrek indartzen duelako herria. Kultura teknikariak burokraziari lotuak eta enpresa kulturalekin lan egitera ohituak, enbarazu eta lastre dira gehienetan edozein egitasmo txiki eta herritarrentzat.

Horregatik pentsatzen dugu, irabazi diren espazioak mantenduz eta jai batzordean haiek defendatuz badela garaia jai batzorde kanpoan espazio herrikoi bat irekitzekoa, ekimenak herritarrek bakarrik antolatuko  ditugun espazio libreak, agintarien kontrol eta mugarik gabe.

Ildo hau oinarri hartuta eta bide berria abiatuz gaztetxeak berak egitarau txiki bat antolatu du aurtengo jaietarako. Elkarlanari irekita eta espazio berri hau hurrengo urtetan zabaltzeko asmoz.

TRAPAGARANEN JAI HERRIKOIAK INDARTUZ
GAZTETXEAREN JAI EGITARAUA

Asteazkena, abuztuak 28
15:00etan bazkari beganoa txosnetan
19:00etan txupinazo alternatiboa
19:30etan krisi eta murrizketen aurkako kalejira herritik

OSteguna, abuztuak 29
20:30etan Kike kantautorea txosnetan

OStirala, abuztuak 30
18:00-21:00 TURUTA IRRATIAren irratsaioa txosnetan

Larunbata, abuztuak 31
18:00etan bajada "autogestioa eta kultura herrikoiaren alde"
19:30etan kalejira sudurgorriak-ekin
21:00etan Rap kontzertua -"el puto Ior" txosnetan