2012-06-02

Sare batekin azaldu dugu MATADEROA HERRIARENTZAT kanpaina martxan jarri dela

 
Zaballako matadero aurreko zelaian sare bat osatu dugu gazteok. Desberdinak gara, anitzak gara eta guztiok gara beharrezko. 

Azarotik daramagu herriko gazteok lokal publiko autogestionatu baten beharraz gogoetan. 10 urte baino gehiago daramagu gaztetxean, esperientzia polita izan da, geroa ez dago ordea segurtatua eta gure jarduna ezin dugu normaltasunez garatu. Are gehiago, hamar urtetan garatu den esperientziatik haratago lokal autogestionatu batek herriari mota askotako ideia, sorkuntza eta proiektuak garatzeko aukera zabalduko diola uste dugu. Hortik sortu dugu zaballako mataderorako egiten dugun proposamena. 

Esaten dute gazteok pasiboak garela, oraingoan aldiz gazteok gatoz herri osoari proposamena luzatzera. Zaballa auzoan eta auzokideekin integratua den proiektua garatu nahi dugu. Gazteok oinarri izango garena eta herritar zein elkarte guztiei irekia izango dena.


Hemendik aurrera proiektua gizarteratzera goaz, elkartez elkarte, lonjaz lonja, etxez etxe, auzokidez auzokide, datorren astean egitekoa dugu lehen aurkezpena Zaballa auzoan. AUTOGESTIOAZ POSIBLE DA! 

hartu ta jaso egiten dena
nire zurea ta berarena
bizi sentitu ta adierazi
barrenean dugun dena
gure nortasunarena
eta zein da gure lema?
autogestioarena
pausu txikiak aurrena
baina jadanik heldu egin da
pausu handien orena
mataderoa da gure herriak
orain eskatzen duena
gurea da garaipena

2012-05-31

Lonjero eguna antolatzeko azken bilera astelenean.

Aste bat bakarrik falta da eta astelenean egingo dugu azken bilera. Komando sukaldari antolatu behar dugu, zenbat peña egongo garen jakin, erosketak egiteko dirua jaso, paellak egiteko infraestruktura lortu, futbito kontuak, ginkana, karaoke fashion... 

Gainera GPS bidez teledirigitua dago aurtengo lonja kalejirako ibilbidea inor galdu ez dadin (google maps, Cuesta technology!). 

Lonjero eguna badatorrela eta astelenean 19:30tan egina dugula zita gaztetxean. Aupa trapagarango gazteak!!

2012-05-30

Ostiralean egingo da gaztetxe publikoaren alde kanpaina abiatu aurretiko koordinazio bilera.



Larunbatean abiatuko dugu kanpaina. Errekonozimendua, leku autogestionatu eta libre baten aldeko errekonozimentu publikoa. Auzoa, herritarrak kontutan hartuz baina gazteengandik sortuz.

Larunbateko aurkezpena antolatu behar dugu, Ibilaldian propaganda banatzeko jendea behar da, datorren asteko lanak adostu behar ditugu, elkarteetako aurkezpenak, komunikazioa, jendearengana nola helduko garen, ekainak 23rako hitzordua nola antolatuko dugun.

HORRETARAKO GELDITUAK GARA
Ostirala 20:00etan  gaztetxean
ANIMATU, ETORRI! 
zu gabe ez dago!!

2012-05-29

Sustrai Kolina, Unai Iturriaga eta Jone Uriak egingo dute San Gabrielgo jaietako bertso afaria.

Ekainaren 8an izango da San Gabrielgo jaietako bertso afaria. Azken urteotako arrakasta ikusirik, jaietako ostiral gaua finkatu da bertso afari herrikoia egiteko zita moduan. Eguraldi ona egiten badu plazan, txarra egiten badu kapilla barruan. 100 pertsona inguru elkartzen gara bertsolarien bueltan afarian.

Orain urte batzuk gaztetxea zen bertsolarien gordeleku, hortik kanpo ez zen bertso saiorik herrian, ezezaguna zen bertsolaritza gutako askorentzat. Poliki poliki ordea zabaltzen ari da, eta bertsoarekin batera euskara espazioak irabazten kalean. Gazteetatik hasita adinekoetara, urtez urte euskarazko giro bat sortzen ari gara gure artean.

Beraz, ekainaren 8rako jarrita dago zita, bihartik aurrera eta datorren asteazkenerarte afariko txartelak salgai egongo dira Ainhoa ileapaindegian, La Pinta, MUGA eta Itsaso tabernan, 12 eurotan. Hartu amaitu baino lehen!!

Unai Iturriaga, Sustrai Kolina eta Jone Uria
Ekainaren 8an 21:00etan San Gabrielgo plazan
Sarrerak salgai: Ainhoa Ileapaindegian, La Pinta, Muga eta Itsaso tabernetan

2012-05-26

LONJERO EGUNeko KARTELA prest.

LONJERO EGUNeko egitaraua itxi dugu, bi aste falta dira eta guztia prest dago. Gaur amaitu dugu maketatzen eta kartela inprentara bidali dugu. Elkarlana da gure indarra, guztiok badugu ideiaren bat, guztiok proposamenen bat lonjero eguna egiteko. Gazteok pentsatzen dugu, gazteok partehartu, gazteok egin, horregatik da hain berezia guretzat egun hau. 



Pasibotasunera bultzatzen gaituen mundu honetan, aktibo jarrera hartu dugu. Gure espazioak guk gestionatu nahi ditugu. Ez dugu aisialdia eta kultura kontsumitu nahi, kultura bizi nahi dugu eta auzoetako jai txikiak biziarazi.

Gazteon arteko harremanak asko hobetu dira lonjero egunaren bidez. Guztiok lan egiten dugu bere inguruan, batzuk antolaketa bileretara joan gara, beste batzuek karaokeaz okupatu, besteak sukaldeaz, beste batzuek txaranga eta taldeak kontaktatu ditugu. Bi aste falta dira, eguraldia lagun, zain gaude. TRAPAGARANGO GAZTERIA AURRERA GOAZ, BIZIRIK eta EZ GAUDE LO!


2012-05-22

Gaztetxe publikoaren alde flash move bat egiteko laborategia ostegunean.


Flash Move bat muntatu nahi dugu gaztetxe publikoaren alde. Bertsoa eginda dago eta musika Usteak Ustelek emango du. Dantza pausuak falta dira. Dantza sortzeko lehen zita ostegunean jarrita dago 20:00tan gaztetxean. Zumba zumba style??

Lonjero egunekoarekin aurrera. Ostegunean zita.

Ostegunean 19:30tan izango da LONJERO EGUNEko azken bilera. Ia ia ez da ezer falta! eta gauzak ixten ari dira!! OXABI taldeak egingo du LONJA poteoko animazioa. Gaueko karaoke-fashion ere, erdi prestatuta omen daukate pieza musikal ikaragarriekin!  Usteak ustel eta Humus Sapiensen kontzertua. HOLAKOren berbena, bazkaria....
Aurrera neska mutil, trapagaranen gazteria ez da hil, zutik eta indartsu dabil! osteguna 19:30tan in the gaztetx.