Pages

2016-09-13

KOHERENTZIAREN BIDEAN PAUSOZ PAUSO




Mezu erradikalak daramatzaten kamisetak janzten ditugu, agian Bangladeshen egoera larrietan bizi diren haurrek eginak, facebooken edo twiterren egundoko mezu politikoak elkarbanatu edo "gustuko" ditugu, nahiz eta sare sozial multinazional hauek estatu eta beste enpresen morroi izan, manifestaldi feministetara goaz, pegatinak itsasten ditugu eta agian gure egunerokoan jarrera matxistenak hartzen ditugu, festetan gure proiektu iraultzaileak finantziatzeko txosna jartzen dugu bertan multinazionalen produktuak salduz,....
Bai, gure bizitzak halakoak dira, alde batera begiratu eta kontraesanak ditugu, beste aldera begiratu eta berriro ere kontraesanak ditugu. Kontraesanez beteriko munduan bizi gara.
Bide hau amaigabea dela dirudi, une oro kontraesanetan biziko garela dirudi, baina hau aldatzea gure eskuetan dago. Gure buruaz, gure inguruaz, guk nahi dugunez sakonki hausnartu beharko genuke, gure egunerokotasunean dauden kontraesan horietaz gogoetatu, banaka banaka kontraesan horiek alderatu, ezabatu. Beti aurrera egin behar dugu.
Aurten Basetxe gaztetxean pausu bat eman da, gure kontraesanez, gure gizarteaz hausnartu, eta aurrera egin dugu. Amaitu berri diren 2016koTrapagarango jai hauetan, Basetxe Gaztetxeko txosnan aurrerapausoa egon da, badakigu oraindik bidea luzea dela,  baina lehenengo aldiz gure txosnatik multinazionalak kentzeko bidea hartu dugula harro oihuka dezakegu. Aurten gure txosnaren ardo guztia Villanueba de Alavako Candido Besa upeltegiaren ardo ekologikoa izan da, garagardo guztia Pagoa, Boga eta Laugar izan da. Ekonomia lokalean sinesten dugu, gure ekonomian, multinazionalen kontra gaude eta bai buruz baita ekintzekin ere iraultzaileak izan nahi dugu. Oraindik aurretik bide luzea geratzen zaigu, gure egunerokotasunean gauza asko birmoldatu beharko ditugu baina pausuz pausu aurrera goaz, pausuz pausu lortuko dugu!