Pages

2013-01-31

Astelenean Santa Ageda eta ondoren bertso eskolako kalejira.

Urtero moduan SANTA AGEDA eskean kantuz kantu arituko gara astelenean Trapagaranen. 17:45ean gelditu gara GOZOA lonjaren aurrean. KORRIKAren alde egingo da diru bilketa, Euskal Herriko luze zabalean euskaltegiak ireki, hobetu eta euskera Euskal Herri osoan gabeziak eta oztopoak gaindiutz ikas dadin. Animatu eta etorri!
Jatorria
Erlijio katolikoaren arabera Santa Ageda kristautasunaren hasierako martiri bat izan zen. 251.urtean Siziliako jauntxo batek Agedarekin ezkondu nahi izan zuen, baina Agedak kristautasunari eutsiz ezkontzeari uko egin zion. Mendeku gosez Siziliako jauntxoak Ageda torturatu, bularrak moztu eta hil egin zuen. Horrela Santa Agedarenganako debozioa berehala zabaldu zen Europa osoan. Euskal Herrian Santiago bideko erromesen bidez heldu zen.

Euskal Herrian ere zabaldu zen
Euskal Herrian berehala zabaldu zen Santa Agedarekiko debozioa. Baina Santa Agedaren bezperako ospakizunen azpian kristautasun aurreko erritoa dago. Etxez etxe eskean aritzeko ohitura inauteri ohitura da, kristautasuna heldu aurreko ohitura. Lurra makilaz kolpatuz lurra bera negutik esna dadin eta koplaz koplen bidez etxez etxe eskean arituz. Beraz esan dezakegu orain ezagutzen dugun SANTA ESKEA inauteri zaharraren beste ohitura bat besterik ez dela, erlijio kristaua heldu aurretik zegoen ohitura berdina baina garai berrietara aldatua.


Trapagaranera abertzaletasunarekin iritsi zen.
Santa Ageda kantatzeko ohitura ez da jatorriz gure eskualdekoa. XX.mende hasieran iritsi zen gurera. Horregatik ez dugu Santa Agedako bertoko koplarik. Bertoko inauteri ohitura eta etxez etxeko eskea carrascoliendasekin egiten zen gure inguruko herrietan. 

Bigarren gerra karlista galdu ondoren abertzaletasuna indarrez zabaldu zen Bizkaian eta horri lotuta, gure herriko gazteak euskal dantzak egiten, euskara ikasten eta mendira joaten hasi ziren. Hori guztia mugimendu berri baten parte kulturala izan zen, Santa Ageda kantatzera joateko ohitura ere horrekin batera zabaldu zen Trapagaranen. Horrela denborarekin kanpoko ohitura bertokotu egin zen.