Pages

2012-11-20

Trapagarango gai sozialen inguruan ekiteko herritar bilgune bat iraunkortu nahi da.

Azken urtean 3 greba antolatu ditugu Trapagaranen. Horretarako jatorri eta tendentzia ezberdineko lagunak elkartu gara: langabetuak batzuk, gazte mugimenduetatik iritsiak besteak, ikasleak ere bai, baina oro har ezkertiar pentsamoldea dugunak guztiak. 


Trapagaranen sortutako mugimendu horren bidez gai sozialen inguruan izan diren konbokatoria nagusiak isladatu ditugu gure herrian. Mundu justuago bat nahi dugu, berdinzaleagoa, herritarren beharretara egokituko dena eta horregatik atera gara kalera, gobernuak aplikatu nahi zituen murrizketen kontra protesta egitera. Errealitatea ordea bestelakoa da, gazteontzat ez dago etorkizunik, krisiak, langabeziak zuzen jotzen gaitu eta egoerak ez du hobera egiten.

Zenbat langabetu daude gure herrian? zenbat etxe desjabetze gertatu dira? Nola egin kontra horri guztiari eta herritarron eskubideen alde? Herritarrok elkartu beharra dugu guztion artean egoerari buelta emateko. Greba eta protesta orokorrak antolatzearekin ez da nahikoa horregatik pentsatu dugu gai horiek lantzeko dinamika iraunkortzea gurean.  Egunerokotasunetik herriko arazo sozialak elkarrekin lantzeko.

Meatzaldea da Euskal Herrian egoera ekonomiko okerrenetakoa duen eskualdea.  Langile herria izan da gurea, meatzarietatik hasi, nekazari eta langile herria. Hasi gaitezen gure herria lantzen! Mugimendu hau nola antolatu hitz egiteko bilera antolatu dugu asteazkenerako. Interesa baduzu, ezkertzalea bazara, ETORRI eta PARTE HARTU!

ASTEAZKENA azaroak 21
19:30etan anbulategi zaharrean (elkarteen txokoan)