Pages

2010-10-19

JUBILAZIOAK 67 Espainian, 62 Frantzian, 58 Bolivian


Berriz ere greba eguna gaurkoan Frantses estatuan. 9.a aurten, 9 greba egun. Tren eta garraiobideak geldirik, lizeo eta institutuak itxiak eta blokeaturik, manifak hiri handienetan eta milaka eta milaka jende kalean. Jubilazioa 60 urtetik 62 urtera igon nahi duela Sarkozyren gobernuak eta uda aurretik hasiak zituzten sindikatuek lehenbiziko mobilizazioak. Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberuan ere izan du grebak eraginik eta 10.000 lagun inguru bildu dira Baionako goizeko manifan.

Okerrik ezean 2 egun barru dira jubilazioa 62 urtera atzeratuko duen legea onartzekoak Frantses senatuan, langile eta herri mugimenduek ordea hordago! Legea onartu - ez onartu mobilizazioa handitzea erabaki dute: Frantzian dauden 12 petroleo refineriak blokeatzen ari dira uneon. Egunak dira ez dela kamioirik irteten findegietatik eta hasi da gasoleo eta erregai falta somatzen bazterretan. Sarkozyk ere enbido! eta blokatzeak beren borondatez uzten ez badituzte indarrez bidea garbituko duela aipatu zuen atzo lehen aldiz. Botereak elkarrizketa beharrean beti errepresioa aurretik!

Zer pentsatua ematen du guzti honek gurean. Ados Euskal Herrian bi estaduren artean zatituak gaudela. Ados LAB sindikatua, Korsikar, Bretoi eta Guadalupe zein Reunioneko sindikatu abertzaleak bezala frantses intersindikalak antolatzen dituen mobizilaziotatik baztertuak direla CFDT-ren aginduz. Sindikatu unionistentzat noski minoriak beti radikalegiak omen! Ados ere sindikatu burokratizaturik bada hori frantzian dela, Bordeleko CGTren egoitza ikusi besterik ez da behar! Baina mobilizazio horietan beste zerbait sumatzen da. Asanblada irekien bidez erabakitzen da mobilizazioen jarraipena, ikusten ditugu ikasleak, langileak edo langabetuak, merkatari eta irakasleak, sindikatu ezberdinetakoak, mugimendu ezberdinetakoak elkar eztabaidan. Irabazi edo gal, legeak gaindituko dituen edo haiek legea gaindituko duen ez dakigu baina dudarik ez da halako mugimenduek konzientzia sorrarazten dutela jendartean. Gizartea emendarazten dutela posizio aurrerazaleagotara.

Zer esan ordea hemen izan ditugun greba orokorrez? 65 urtetik 67ra jubilazio adina igoko dutela
izan dira 2 greba deialdi orokor Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan. Kalean ordea ez da horren arrabotsik entzuten, eguna heldu da eta heldu bezala iragan. Eztabaida gutxi gurean, saltsarik ez kalean, mobilizazioak burutzeko ardurak ere "buruen" eskuetan. Zorua jausten da gure urratsen azpietan.

Bitartean Evoren Bolivian jubilazio adina 65 urtetik 58ra jaitsi dute eta lan gogorretan ari direnentzat ordea (meatzariak kasu...) 56 urtetara. Gutxiago irabaziko dute, herrialde azpi garatua deitzen ditugu, datuak ikusita galdera dator segidan ia nor den hemen "garatua".