Gaur da abuztuak 6. Kaletik itzuli bat eman eta jubilatuentzako txitxarriloa eta meza santuaz aparte besterik ez da somatzen gure herrian. Zaratarik ez, girorik ez, jaigirorik ez gurean. Adinekoak kexu aditzen ditugu batean eta bestean, eskubiderik ez dela, herriko egun nagusia eta inon nabaritzen ez dela... Zer gertatu da gure herriko egun nagusiarekin?
Historikoki Trapagarango jaiak Salbatoreak izan dira, abuztuaren 6 inguruan, auzoetakoak aparte, hauek ziren herriko festa nagusiak. Adineko edonori galdetuta hori esango dizue dudarik gabe.
XIX.Mendean ordea Ramon de DuraƱona deituriko Trapagarandar bat Argentinara joan zen, eta beste asko bezala aberastu, honek Trapagaranera dirua bidali zuen herriko lehenbiziko eskola eraikitzeko. Hau kudeatzeko fundazio bat sortu zen, Ramon de DuraƱona fundazioa. Fundazio honek herriko auzo historikoetako ordezkaritza bat zeukan, Llano, Escontrillako, Zaballa, Uriosteko jendea eta bere omenez meza bat ospatzen zuen abuztuaren 31ean, San Ramon egunean.
70.hamarkadan, herriko Indarra dantza taldeak, Fundazioaren babespean egun hau erabiltzen hasi zen dantza alarde bat antolatzeko eta nolabait ere euskaltasun garra kalera ateratzeko.
Azkenik 80.hamarkadan herriko jende asko oporretan zegoela eta, udaletxean herriko jaiak dataz aldatzea erabaki zuten, Bilboko jaiak pasata abuztuko azken asteburura pasatuz. To! No! gure jaiak San Ramonak! Hori indartzen etengabean dabiltza udal agintariak, kultur zinegotzi eta kultur desdinamizatzaileak.
Aldiz beste hainbat herritan eutsi diete haien jaiei, Lizarran, Getarian, Gasteizen, Portugaleten... Zergatik aldatu behar ditugu guk geureak? Ez al dugu sustrairik?
Herrian gaudenak egon gaitezen jaietan eta besteek ongi pasa dezatela oporretan! Jaiak ez dira soilik jende bilgune komertzial bat, ez daitezen izan kontsumo gune bat. Izan daitezen iraganeko trapagarandarrekin lotura bat, belaunaldi ezberdinetako jendea biltzeko gunea, herri bat eraikitzeko gunea... Edo berdin da Trapagaran eta Las Vegas? Berdin Max ocio? edo Megapark? Har dezagun iragana gure eskuetan eta eraiki dezagun etorkizuna libre! Gure nortasuna berreskuratzen hasteko ordua da, bestela laster gu geu nor garen ere ez baitugu jakingo... Mendebaldeko desherrietan.... ERAIKUNTZA eta BORROKA!