Pages

2009-04-23

BIZKAIKO NAFARRAK



Beste urte batez heldu da apirileko azken igandea. Horrekin Nafarroaren Eguna. Baigorriko urteroko hitzordua. Gaitak, fanfarria, mutxiko eta bolantak. Irulegiko arnoa eta zerbezak. Baztango patxarana eta Iratiko gasna. Kantuak eta ororen gainetik oihu bat, orro bat, garraxi bat. PIRINIOEN BIETAN HERRI BAT GARA!

Orain 30 urte, Baigorri inguruko abertzaleen ekimenez sortu zen Nafarroaren eguna. Mugaren bi aldeko nafarren arteko harremanak sortu, mantendu eta elkar atxikitzeko helburuarekin.
Nafarroaren Egunak hastapen gogor eta txikietatik gorpuztea lortu du. Egun Baztan eta Baigorrialde osoak elkar topatzen dute bertan, estatuen barne mugak erraustuz.

Horiez gain asko izan gara apirilaren azken igandean Baigorrin irla libre bat deskubritu dugunak. Benetan herri bat garela ikusi, sentitu eta bizi izan dugunak. Baigorriko abertzaletasun eredua ezagutu dugu, eta bertatik ikasi: Herrian sustraiturik, gure nortasunari atxikirik, geroari so. Gizarteko arazoei berezko nortasunez erantzunez.

Gurea bezalako mugaldeko euskaldunentzat berriz, herriz eta pertsonaz askatasuna sentitzeko aukera. Izan ere, zaila baita gurean euskalduntasuna bizitzea, hizkuntza eta inguru arrotzean, sarri borrokatzen dugun Euskal Herria badela ere ahaztu egiten zaigu. Bagarela ahaztu!

Bagarela euskaldun eta aske mugarik gabe! Eta gero eta gehiago Nafar.

Bizkaitarrak izan ginen Nafar erresumaren barrutik askatasuna galdu genuen lehenak. Baxe Nafarroa aldiz azkena. Agian horregatik berrindartzen dugu gure euskaltasuna Baigorrin. Telesforok aspaldi esan zuen moduan Nafarroa kantauri ertzean hasten da eta Pirinio garaiean amaitzen. Ebrotik Atturrira, Korellatik Bidaxunera, Barkoxetik Karrantzara. GORA NAFARROA BATUA! Igandean Baigorrin. Astelenean gure herrian.