Pages

Korrika etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Korrika etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2011-04-18

Korrika Donostian amaitu zen.

Trebiñun hasi eta 10 egun eta gauez Euskal Herri osoa gurutzatu ondoren atzo iritsi zen azkenik Korrika Donostiara. Gau eta egun gelditu gabe, Ebroren magaletik Pirineo ibarretara, Bizkaiko industrigunetik Xiberuko herri txikietara. Ez dago mundu osoan horrelako ekimenik 2500 kilometro erreleboka eta korrika bere herria gurutzatuz egiten duenik.

Ez dago eliterik Korrikan, berdin egiten du korrika haur jaio berri batek zein 80 urteko agure batek. Atzo bertan Marokotik heldu den emigranteak zein mendiko auzoko baserriko alabak. Guztiak osatzen baitu gure herria eta guztiok egiten dugu Euskal Herria.

Euskal Herria ez da mapetan existitzen, ez du hori jartzen gure nortasun agirietan. Euskaldunak ordea, bagara. Hemen egon gara mendeetan zehar eta hemen jarraitzen dugu. Nafarroako erresuma izan zen Europan izan genuen egituraketa politiko bakarra. Ondoren poliki poliki Espainiaren menpe, Frantziaren menpe, bi estadutan banatu gaituzte. Euskara debekatua eta ukatua izan da mende luzez. Herriak mantendu zuen euskara jauntxoek eta boteredunek espainola eta frantsesaren alde egin zuten bitartean.

Administrazioan euskara ez erabiltzeak, eskoletan izandako zigor eta debekuek, eskualde askotan euskara galtzea ekarri zute. Horren ondorioz 1850 aldean hil ziren azken euskaldunak gure herrian. Baina orain berriz ere bagara, trapagarango gazte gehienak gure gurasoek egindako ahaleginaren ondorioz eskoletan euskaldundu gara.

Korrikak adierazten du ezerk baino hobeto Euskal Herriaren indarra. Herri guztietan dago norbait euskararen alde korrikatzeko, gau zein egun, lanegun zein jai egun. Euskara galdu duten eskualdeetan edo eskualde erabat euskaldunetan. Gu gara Euskal Herriaren oinarria, XXI.mendean bizirik eta euskaraz sartu nahi duen herria.

2011-04-14

KORRIKA bihar helduko da gure herrira.

Ttipi ttapa ttipi ttapa KORRIKA!! Gero eta hurbilago entzuten dira korrikaren oihuak gure herrian, bihar bertan izango baita! Joan de ostegunean hasi zen korrika Trebiñon, eta Euskal Herri osotik pasa ondoren eta traba guztien gainetik helduko da gurera .

Eguerdian, 14.15etan suhiltzaileen gainetik sartuko da San Gabrielera Korrika. Lehenengo kilometroa herriko gazte kuadrilla ezberdinek hartuko dugu, Aldai gainetik gaztetxe parera. Bertan gazteok euskaldun garela adieraziko dugu, baina gure herrian dagoen arazo handia salatuko dugu ere. Gazteok lokal publiko bat behar dugu, udaletxeak emanda eta gazteak autogestionatuko dutena. Eta hau posible dela ondo dakigu, gaztetxeak 10 urte eman ditu lanean, era guztietako traba handiekin, eta beti aurrera egiten! Eta aurten ere korrikan parte hartuko du gazte guztiekin, gure herriko arazoak salatzen, gure herria pizten, herria euskalduntzen!

Baina Korrikak berarekin dauka euskara eta euskaldun bizitzea, Korrika instant batean pasatzen da, baina igarotzen den herrietan uzten du bere sugarra. Horregatik beste hainbat ekitaldi antolatu dira ostiralerako:

18:00etan Patxi Perezekin (Lapurdi) dantza plaza La Habana plazan

22:30etan JONU KANTAUTOREA gaztetxean

JONU myspace: http://www.myspace.com/jonukan

MAITATU, IKASI, ARI.... EUSKALAKARI!

2011-04-06

Bihar hasiko da Korrika Trebiñun.

Bihar hasiko da 17.Korrika Arabako Trebiñun. Bihartik aurrera gau zein egun apirilaren 17rarte arituko da Euskal Herrian barrena euskararen aldeko lasterketa. Mauletik Zallara, Tafallatik Pasaiara, Trapagaran beretik ere igaroko da apirilaren 15ean.

Desagertzeko sortu zen Korrika, desagertzeko helburua zuen AEK-k. Tamalez 30 urte luze pasatu badira ere oraindik ez da hasierako helburua bete. Euskal Herria ez da erabat euskaldundu eta larriagoa dena, oraindik Euskal Herriko eskualde zabalenean euskara ez da ofiziala (Nafarroa hegoaldean edo Lapurdi, BaxeNafarroa eta Xiberuan). Horrek asko zailagotzen du euskararen normaltasuna bere lurralde osoan. Horregatik beharrezkoa da Korrika, euskararen gainean sentsibilizatu eta guztiek parte hartzeko. AEK diruz lagundu eta euskaltegiak konpondu zein berriak eraikitzeko. Guztiok ematen dugu zerbait eta guztiok laguntzen dugu Euskal Herriaren euskalduntze prozesuan.

Trebiñun hasiko da Korrika. Arabako zulo beltzean. Arabaren erdian, Gasteizko mendien bestaldean, gari eskualdea. Burgosen menpe dagoen eskualdea da Trebiñu. Euskara ez da ofiziala bertan. Bertakoak ordea arabarrak dira eta hala adieraziko dute bihar. Meatzaldean berriz , bihartik hasita zain gaude. IK IK IK, KORRIKA!