Pages

2011-09-15

larunbatean LAGORRIGA: folklorea baino zerbait gehiago?


Hamar urte baino gehiago dira Loiola urtegiko xokoan, kanposantutik beherako meatokiko sarreran LAGORRIGAKO JAIA egiten hasi zirela. Urteetan jai herrikoia, espontaneoa eta pirata izatea izan dira festa honen ezaugarri nagusiak.

Udalak inolako esku sartu gabe, jendearen lan kolektiboa, indarra eta nahia izan dira oinarri sendoenak proiektu hau aurrera ateratzeko. Izan ere Lagorrigako jaia, festa autogestionatua da, laguntzaile eta partehartzaileen borondatean oinarritua erabat eta horrek ematen dio bere xarma berezia.

La Rondatik Lagorrigara
Hamarkada honetan ikasi dugu auzo horri oraindik ere La Ronda esaten zaiola ofizialki, meatoki garaian La Arboledako kuartelean zeuden pikoletoek eguneroko ronda bertaraino luzatzen zutelako ingurua kontrolatu nahiean. Baina ikasi dugu ere jatorrizko izena Lagorriga dela, "Lurgorriaga" izen zaharretik iritsia, burdinaren ezaugarri den lur gorria adierazten zuen toponimoa, alegia. Hamar urte hauetan bertoko auzokideak ezagutu ditugu, jakin dugu Trapagarenen egonagatik ere oraindik Lagorrigan badaudela urik eta telefonorik gabeko etxeak, badaudela mendia bizitzeko baliatzen dituzten abeltzainak, bertoko izaera berezia eta gogorra mantentzen dutenak eta bertako antolakuntzan aritu diren hamaika lagun, militantziaz, konpromisoz elektrizitatea jartzen dutenak, ura, toldoak, txosnan lan egin... belaunaldien gainetik lagun egin ditugu, egiazko eredu ere izan ditugu.

Folklorea baino zerbait gehiago, belaunaldi berrien esperoan
Lagorrigako jaiaren beste ezaugarri bat izan da gure eskualdeko euskalduntasuna lagundu eta babestea. Dirurik gabe, laguntzarik gabe, baina guk geuk Lagorrigan ikusi ditugu gure inguruan baztertuak izan diren hamaika kultur ikuskizun. Dantzak era herrikoi batean, lasto altxatzaileak, idiak, artzai txakurrak, Errekatxoko Larrea aizkolariak, eskualdeko tortila handiena, herrien arteko sokatira... eta ikurrina airean. Jaia antolatzen zutenenentzat euskalduntasunaren oinarrizko ezaugarriak direnak ez dira hainbeste bealunaldi berri eta euskaldunagoentzat. Ezinbestekoa da belaunaldi berriek beste ikutu bat ekartzea jaiari, gure herrian eta gizartean euskalduntasunaren bidean eragin nahi badugu eta horretarako belaunaldi berrien ekarpena beharrezkoa izango da. Bestela urteroko folk-gastronomi mozkor jaian geldituko baita hasierako haiek egin zuten ahalegina eta eskaini diguten aukera.

GORA LAGORRIGAKO PIRATAK!
larunbatean bertan izango gara!