Pages

2011-08-06

Abuztuak 6, SALBATORE EGUNA, gure herriaren eguna.

Bere eguna zein den ez dakien herria, arimarik gabeko herria omen da. Izan genuen nortasun bat baina gure herriaren garapen demografikoa batetik, kontsumo kulturaren sarrera bestetik eta udaletxearen utzikeriaren ondorioz itota ahaztu egin zaigu gure herria zein den eta gu nor garen. Horrela gaude, gazteek uste dugu San Ramon (abuztuak 31) dela gure herriaren eguna baina hori ez da beti horrela izan.

Abuztuak 6 da Trapagaranen eguna
Abuztuak 6 izan da beti Trapagarandarren eguna. Oraindik ere Gorbeialdeko euskaldun zaharrek gure herriari euskaraz Salbatore deitzen diote, izan ere egun horren inguruan, abuztuaren lehen astean, ospatzen baitziren historikoki gure herriko jaiak. Meatzaldean oso jai famatuak ziren eta gure herriko zaharrek esaten dutenez 6 egun irauten zuten (astelenean hasi eta iganderarte). Haurrentzako jolasak, erromeriak eta txarangak egoten ziren, txirrindularien karrera profesionala, igela txapelketa, artzain txakurrak, txiste kontalariak, tronpalariak...

Abuztuak 31 zergatik bihurtu da gure herriko jaia?
Ramon de Durañona XIX.mendean Trapagarandik Argentinara joan zen "indiano" bat izan zen. Ameriketan aberastu zen eta eskola bat sortzeko dirua bidali zuen Trapagaranera. Trapagarango lehenbiziko eskola izan zena gaur egungo udaletxearen beheko partean kokatu zen, eta eskola gestionatzeko fundazio bat sortu zuten: Ramon de Durañona fundazioa. Fundazio horretan 6 patrono zeuden (Urioste, Escontrilla, Llano, San Andres eta Zaballako ordezkari bat + alkatea) eta fundazioak abuztuaren 31ean San Ramon egunean Ramon de Durañonaren omenez meza bat egiten zuen.

Frankismoan, Trapagarango INDARRA dantza taldea abuztuaren 31ean euskal dantza alarde bat egiten hasi zen, Ramon de Durañona fundazioaren egunaren aitzakipean euskalduntasuna eta abertzaletasuna gure herrian berriz piztu asmoz.

Horrela Frankismoa amaitu ondorengo lehenbizko udaletxea sortu bezain laster jaiak abuztuaren amaierara pasatu zituzten. Hasieran abuztuaren 31an amaitzen ziren gure herriko jaiak eta horrela ezagutu ditugu gehienok, baina orain Bilboko jaiak atzeratzearekin batera, gure herriko jaiak ere atzeratu egin dituzte eta abuztuaren 31an hasten dira. Zein herri klasetan bizi gara bere eguna finkaturik ere ez daukana?


Gure nortasuna berreskuratzea, helburu estrategikoa.
Gaur egungo ikerketa soziologiko nagusiek herri nortasuna eta gizarte sare sozial sendoak hartzen dituzte herritarren sokuntza, inizatiba eta partehartzearen oinarritzat. Berako jaiak abuztuaren hasieran izan dira eta hala jarraitzen dute, Lizarrakoak ere bai eta ez dituzte Gasteizkoekin koinziditzen dutelako aldatzen, Portugaletekoak abuztuaren bigarren astean dira eta arrakastaz eusten diete, Arratiako Areatzan Bilboko Aste Nagusiarekin bat datoz.

Ez dugu herri nortasunik, herri bazkaria ikusi besterik ez dago, gure herriaren taminako edozein herritan 800-1000 pertsona bildu ohi dira, non gaude gurean? Egia da aurten parte hartzea jai batzordean handitu dela baina asko falta zaigu egiteko: gizarte sareak sendotu, herriko taldeetan oinarritutako jai eredu propio bat sortu eta kuadrillen partehartzea bultzatzeko ohitura sortu. Ez dugu esaten abuztuaren bukaerako jaiak berriz hasierara itzuli behar direnik baina bai abuztuaren 6a berreskuratu behar dugula. Eguneko jai egun bat berrasmatu behar dugu, carrascoliendasekin egin dugun bezala, inter-generazionala, gaudenak kalean elkartuko gaituenak. Gure herriaren identitatea ber-sortu eta gizarte sarea trinkotuz Trapagaran berria eraikitzeko, bestela berdin izango baitzaigu gure herriko jaietan egon, Mao-Mao diskotekan zein Salouko edozen hondartzako rave batean, nahiz eta txosnak egon. Azkenean herriko zahar batek gaur goizean lehengo garaietaz oroituz esan digun bezala jaia herriak egiten du.