Pages

2010-12-06

Xabier Leteren omenez


Larunbatean hil zen Xabier Lete, euskal poeta handia. Ez dok hamairu kultur mugimenduko partaide izandakoa. Kantaria. Pentsalaria. Beste abesti askoren artean Xalbadorren heriotzean kantu mitikoaren idazlea izan zen Lete. Mikel Laboaren garaikidea eta Laboa bezala Euskal Herriko kulturgintzaren garai oso baten islada. Poliki poliki badoaz 60-70.hamarkadan euskal kantagintza, euskal kultur mundua berritu eta modernizatu zuten artistak, intelektualak, pentsalariak, abeslariak. Euskal kultur mundua eraberritu zuten eta orain, 40-50 urte igaro direnean, haiek egindako aportazio, hausnarketa, olerki eta kantuak euskal imaginario kolektiboaren parte dira. Euskaldunon tribua osatzen dugun guztion parte eta ez da hor amaitzen. Belaunaldi berriek eusten baitiogu kate zaharrari eta segitzen baitugu denboraren sokan aurrera. Tendentzia berriekin, hausnarketa berriekin, gure begiekin so eginez kanpoko munduari. Xabier Lete bezala eta haren aurretik izan ziren horietatik edanez eta ur berria emanez. XXI.mendearen joanean gure atzetik etorriko direnek jarrai dezaten bizitzen, jarrai dezaten biziarazten munduko ozeano zabalean euskaldunon itsasoa. Amaren bularretik heriotza begietan ikusteraino, agur poeta handia. Xabier Leteren omenez.