Baina BEC handi da, 4.200 ikusle izan ginen atzo, eta ez bakarrik bertso gose, gure silver far westeko bertsozaleentzat euskara, bertsolaritza, kantu, dantza, jendea elkartzea, elkarrekin konpartitzea. Finaleko oholtza plazatik urrun dagoen seinale? Agian jada ez gara ari bertso txapelketaz. BECen hainbeste euskaldun, halako giroa baina ez da hori Barakaldoko kaleetan islatzen. 4.200 tanta uholde lirateke bertso saioaren ondoren Barakaldo gurutzatuko balute. Itsasoko gainontzeko tantekin talka egin eta ur azalean etengabe zabalduz doazen uhin txikiak sortuko dituzten 4200 tanta. Eguneroko ogia baita Bizkaiko bigarren hiririk handienean zailtasuna itzelak dauzkagula komunitate euskaldun bat bagarela ikustarazteko. Bertsozaleek elkarrekin gozatzeko, bizitzeko eta bide batez gure bizilagunei azaltzeko auzokide berria Rumanoa den moduan gurea ez dela hautu bat, gu geu euskaldunak garela hezur eta mami, eta hala bizi garela.
Baina agian hau guztia ez da txapelketa, agian hau txapelketa bizitzeko beste modu bat da edo agian "bertso gerrilla"z ari gara. ...eta horrela aritu ginen istorio-mixtorio Enkarterriko bertsolariekin, herriko lagunekin, tantaz tanta, uhinez uhin, itsaso zabal izango den uholdea nola sortu asmatu nahiean. Emango du besterik!