Pages

2010-11-07

Matalas 1661eko azaroak 8: HERRIA, HERRIA, HERRIA!


350 urte beteko dira datorren urtean Matalas Xiberutar herri matxanadaren buruzagia Mauleko plazan burua moztera kondenatu zutenetik. 1661eko udan Xiberuko nekazariak altxatu ziren eta herrialde osoa askatzea lortu zuten. Xiberuko ordezkariak herri botaketaz aukeratzeko prozesua bertan behera utzi zituen Frantziako Louis XVI.a erregeak, gainera lur komunalak pribatizatu nahi zituen eta nekazariei zergak igo. Herritarrak armetan altxatu ziren eta noble zein aristokraten aurkako matxinada zuzendu zuten. 7000 nekazarik parte hartu zuten Mauleko gazteluko setioan eta hiriaren kontrola lortu zuten. Kronikek diotenez Mauleko setioan nekazarien oihu nagusia HERRIA, HERRIA, HERRIA! izan omen zen.

Nekazarien esku gelditu zen lurralde osoa eta Matalas buru zutela auzolan bidez antolatzeko saiakera egin zuten. Xiberuako aristokratek Frantziako erregeari laguntza eskatu zioten eta Bordeletik armada bat bidali zuten Matalas eta nekazarien matxinada zapaltzera. Horrela Matalas harrapatu, epaitu eta heriotzera kondenatu zuten. 1661eko azaroaren 8an moztu zizkioten publikoan burua, beso eta hankak; Mauleko plazan. Ondoren Matalasen burua Mauleko gazteluan ipini zuten handik pasatzen zen edonork hura ikus zezan.

AUDIO:
Jean Mixel Bedaxagar Matalasi buruz mintzo



Matalas hil zuten baina xiberutarrek bere mitoa mantendu dute belaunaldiz belaunaldi, bere azken hitzak oraindik ere kantatzen dituzte. Ordutik ona belaunaldiz belaunaldi bizirik jarraitzen du HERRIA, HERRIA, HERRIA deiadarrak. Ez dituzte orain buruak mozten baina kartzelan dauzkate oihu horri supindarra ematen dituzten argiak eta hala ere segitzen dugu HERRIA, HERRIA, HERRIA oihukatzen. Justizia, pertsonen eskubideak oligarken interes ekonomikoen gainetik, demokrazia zuzena, demokrazia partehartzailea, auzokideek gestionatu ditzatela herriko instituzioak... HERRIA, HERRIA, HERRIA! jarraitzen du oraindik.

"agian, agian egun batez

jeikiko dira egiazko Xiberutarrak
egiazko euskaldunak
tirano arrotzen ohiltzeko"
Matalasen azken hitzak