Pages

2010-10-27

BABCOCK IXTEKO ZORIAN. Industria garaiaren azken ikurra.

Babcock-eko langileek urtea daramate martxan, egin dituzte Galindo parean tren blokatzeak, suzko barrikadak, lantegi aurreko errepide mozketak, deialdi, manifestazio eta hamaika bilera. Langileak enpresa itxiko duten ustea daukate eta zuzendaritzari zein erakunde publikoei irtenbideak eskatzeko borrokan ari dira.
Babcocken ibilbidean arakatuz gure eskualdeko industrializazioaren historia agertzen zaigu. Esan dezakegu aro baten amaiera islatzen duela, Altos Hornosen eraistearekin irudikatu zena baina oraindik ere, poliki poliki desagertzen segitzen duen garaiaren amaiera. Industrializazioa izan da XX.mendean gure herrien bilakera baldintzatu duen faktorea. Izan da hazkunde demografikoaren jatorria, izan da motor ekonomikoa, izan da aberastasun sortzaile baina aldi berean kutsadura emaile. Gure eskualdeko arkitektura edo herrien antolamendua zein gizarte egituraketa ezin da ulertu industrializazio fenomenoa aztertu gabe.
5.380 langiletik 392 langile izatera
Babcock Wilcox 1918an sortu zen euskal finatziari talde baten eskutik eta hamarkada onak bizi izan zituen 1977an lehenbizko aldiz arazo finantzieroak azaldu ziren arte, 5.380 langile zeuden fabrikan. Orduan (1983) estatuak esku hartu eta bere gain hartu zuen lantegia, ordutik etengabeak izan dira langile murrizketak eta erreformak gaur egun 392 langile izan arte. 2001an PPren eskutik pribatizatu zen eta Alemaniako Boirsig enpresak hartu zuen bere gain. Arazo finantzieroak azaldu ziren berriz eta atzera estatuak berriz hartu zuen bere gain 2004ean A&AE austriako enpresari saldu zion arte.
125 miloiko diru laguntzak + lurrak eta eraikinak
Hori da estatuak austriako enpresari eskaini ziona Babckok bere gain hartzeko. Orain Diputazioa eta Sestaoko udala tartean direla Elgero auzoaren azpikaldeko pabeiloiak bota eta lurren errekalifikazioa egiteko asmoa dutela dirudi. Enpresa poliki poliki hiltzen utzi (2011rarte da akordioa), itxi eta espekulazioa omen da negozioa.

Metalgintzatik Megaparkeko kajerora
Hori da meatzaldea-ezkerraldeko gazteoi eskaintzen diguten etorkizuna. Industria handiek okupatzen zituzten lurrak merkatal zentruek hartu dituzte orain. Ebentualitatea, lanpostu kaxkarrak, prekarietatea, mileurismoa multinazional eta frankizien erresuman. Herritarrok ez dugu gure baliabide ekonomikoak eta aberastasuna kudeatzeko aukerarik inoiz. Erabakiak Espainian, eliteen artean eta haien intereserako hartu dituzte beti gurean. Gure eskualdea horrela moldatu dute, meatokiak, zabortegiak, zerbitzu gabeko langile herriak, industria eta orain Europan zentro komertzial konzentrazio gehien duen eskualdea. Poliki poliki ixilean egin dute aldaketa hori. Agian gizarte mugimenduak gainean zetorrena aurreikusi gabe,. Euskal Herriko ingururik populatuenean, Euskal Herriko ingururik kutsatuenean, Euskal Herriko eskualde prekarizatuenean. Ez gara beti aberastasuna sortzen egongo betikoek gure bizkar haien poltsikotara eraman ditzaten. Euskal Herriko bronx-ean noizbait hartuko al dugu geroa gure gain?