Mugimendu sozial eta herrikoietan askotan hitzegiten dugu beste ekonomia eredu bat bultzatzeaz, gure kontsumoa beste modu batez egitean. Gure kontsumoaren barruan elikadura dugu egunerokoan eragiten digun arlo bat. Distribuzio kate handiz inguraturik produktore eta kontsumitzaileen arteko bidea hurrundu zaigu eta ia galdu. Gure eskualdean ia ez da baserritarrik gelditzen eta herriko denda txikiak ere ahulduta azaltzen dira supermerkatu handien eraginez.
Posible da bertakoa kontsumitzea, posible da naturarekin errespetuz eta kimikorik gabe osasuntsu produzitzea, posible gure herri eta mendietan lanpostuak sortzea. Teoriatik praktikara pasatzea ordea ez da erreza.
Urteak daramagu gure baitan gogoetatzen, pentsatzen eta kontradikzioak bizitzen. Txosnako edariak langileak zapaldu eta munduko beste puntan baliabide naturalak lapurtzen dituzten multinazionalei erosten dizkiegu. Egiten ditugun bazkari herrikoietan janaria ahalik eta merkena erostea izan dugu askotan helburu. Posible da ordea gauzak beste moduz egitea, gure eskualdean kontsumituz, lan egin duenari produktuak balio duen prezio justua ordainduz eta egiten dugun janaria prezio sozial batean mantenduz. Horrela egingo dugu aurten inauterietako bazkaria.
Ardikia izango da larunbateko menuaren oinarri. Neguaren amaieran jaiotzen dira arkumeak bere ziklo naturalean, udaberriko belarrekin batera hazi, jan eta ardi amei esnea jezteko. Horregatik da aspaldikoa gure herrian arkumea San Jose egun (martxoak 19) inguruan jateko ohitura. Horrela arkume gisaua izango da larunbateko plater nagusia, ardi esnez egindako gatzatuz lagundurik. Arkumea eta gatzatua baserrikoak izango dira eta gainontzeko beste produktu guztiak herrian erosiak.
Posible da ekonomia herrikoi, justu eta sozial bat sortzea
guk geuk eraginez eta sortuz
teoriatik praktikara joanez.