Martxoaren 21ean arrazakeriaren kontrako nazioarteko eguna ospatuko da.
Urtero bezala, data hau aukeratzen da arraza desberdinen arteko
desberdintasunak eta desorekak salatzeko eta etnia minoritarioen eskubideak
aldarrikatzeko asmoarekin. Egun honen finkapena badu bere jatorria Shapervillen
(Hegoafrika) 1960. urtean aurrera eraman zen hilketan. Poliziak apartheidaren
kontra protesta baketsu batean parte hartu zuten 69 pertsona beltza hil zuen, historikoki
gogoratzen den sarraski makabroetariko bat gauzatuz.
Gaur egun espainiar
estatuaren kasuan, SOS INDARKERIA elkarteak argitaratutako datuen arabera 2011.
urtean erroldan sartuta dagoen biztanleriaren %12,2a etorkina da. Datu horiei
erreparatuta, argi dago beste herrialde batzuetatik etorritako pertsonen
presentzia nabaria dela eta ezin dela beste alde batera begiratu. Beharrezkoa
da etorkinen aldeko politikak sustatzea, haien integrazioa gizartean
bultzatzeko eta kulturen arteko talkak ez gertatzeko.
Aipatzekoa da ere
Espainiar estatuko gobernuak gaur egun aurrera eramaten ari den politikak kanpotik
etorritako pertsona etorkinen kontra. Nazioarte mailan berdintasunaren alde hainbat
itun sinatu arren, gaur egun pertsona etorkinentzako eskubideak Espainiar
estatuan erabat urratuta daude. Hezkuntza, etxebizitza edo osasuna jasotzeko
aukera etorkinentzat gero eta gehiago utopia bat dirudi. Krisi ekonomikoaren
kontua aitzakia bihurtu da baliabide eskasak dituzten pertsonen kontra egiteko
guztien ongizatearen izenean.
1960. urtetik gaur
egun arte denbora asko pasa da. Asko izan dira libratu diren batailak
berdintasunaren alde, eta asko dira oraindik gelditzen direnak. Kultura
dominanteak subkulturak eta kontrakulturak zapaltzen saiatzen da etengabe,
talde, arraza edo etnia minoritarioen ohiturak, tradizioak eta bizimoduak
bertan behera uzteko asmoz. Horren aurka jarduteko erantzukizuna guztiona da.
Indarra herrian dago, auzoak eta herriak osatzen duten pertsonen barnean!