Pages

2012-02-27

CARRASCOLIENDASek izugarrizko arrakasta izan zuen eta giro itzela sortu zen.


CARRASCOLIENDAS
gure herriko inauteria bihurtzen ari da. Hori adierazten du larunbatean gure herrian ikusi, sentitu eta bizitakoak. Gerra aurretik gure herriko zaharrek egiteari utzi zioten ohitura, indar biziz berreskuratu da eta iaz hasitako bidea etorkizunerako sendo azaltzen da. Parte hartzaile kopurua asko zabaldu da, umeetatik hasita gazte guraso edo adineko jende ugari bildu ginen. Mozorroak landuago eta anitzago izan ziren, etxeko trapu zaharrak eta kortinak birziklatuz, naturako elementuak baliatuz eta aurpegia margoturik edo estalirik geure identidadea ezabatu genuen eta ezezagun azaldu.

AUZOZ AUZO EGUNEZ
Dudarik gabe bereziena goizean auzoetan sortzen den giroa da. Auzoetako jendearekin harremana, dantzak, kantuak eta kontuak. Harrigarria da esker onez auzokideek nola ateratzen dizkiguten etxetik gosari eta jan-edanak. Gerra aurretiko carrascoliendas ohitura ezagutu zuten adineko jendea hurbiltzen zaigu, gazteok ohitura hau nola biziberritu dugun ikustera. Benetan oso berezia da bertan sortzen den giroa.

HERRIGUNEAN GAUEAN
Escontrilla eskolako frontoian bazkaldu ondoren iluntze aldera irteten gara herrira. Goizean sortutako energiaz beroturik giro ezin hobea sortzen da herrian. La Habana plazan egin zen carrascoliendas dantza izan zen gure herriko inauteriaren erakusgarri onena. Plaza jendez lepo beteta korroan dantzan, gelditu gabe aritu ginen DANGILISKE taldearekin! Tarantella nahikoa zail egin zitzaigun, baina ikaragarria izan zen. Trapagaranen halakorik ikusi gabe geunden!! Zerbait berezia sortu dugu, potentea, indar handia duena eta gure iraganarekin eta lurrarekin lotzen gaituena.

ONDORIOA: Gure herriko inauteria sortzen ari gara.
Gure herriko inauteria sortzen ari gara, modu benetan eredugarri batez. Trapagarango jatorrizko inauteria berreskuratu eta inauteri herrikoia sortzeko proiektua indartzen ari da. Jende askok laguntzen du antolakuntzan, partehartzea oso erreza da eta dantzaria izan ala ez edonor sartzen da dantzan. Zaharrek egiten zutena biziarazi dugu gurea bezalako inguru urbano eta zigortu batean. Gure herriko berezitasunak eta identitatea birsortzen ari gara. Gure inguruko mundu komertzialean espazio natural eta libre bat ireki dugu, harremanetan oinarritzen dena, bidea dugu egiteko. Carrascoliendas Trapagarango inauteri herrikoia. CARRASCOLIENDAS Trapagarango egiazko inauteria. ZORIONAK eta ESKERRIK ASKO GUZTIOI!