Pages

2011-10-20

kolonizatutako lurrean bertso gerrilla martxan.

Trapagarango bertso eskolak hasi du kurtsoa, iazkoari jarraipena emanez herrian finkatu dela dirudi. Bi helburu nagusi planteatzen ditu aurtengoan gure bertso eskolak:

1-Iaz bezala astelenero lagun giroan elkartu eta bertsotan ikasi eta aritzeko tailerra.
Etorri eta aritu nahi duenak ateak zabalik ditu, bertso tailerra astelenero 19:30etan gaztetxean.

2-Trapagaranen bertso zirkuitu bat finkatu nahi dugu. Joan den asteburuan esperientzia oso polita izan genuen "el batas"-en lonjan. Afaltzera gonbidatu gintuzten eta lehenengo bertso afaria izan genuen herriko bertso titiriteroek bertan. Gaiak jarri zizkiguten, lonja lepo beteta, benetan bikaina izan zen. Ez genuen inoiz pentsatuko halakorik euskaraz, bertsotan eta gurean ikusiko genuenik. Kolonizatutako lurretan bertsolaritza herrikoia bertoko estilo propioz! Beraz esperientzia horretatik hasita bertso zirkuitu bat zabaldu nahi dugu herrian lonjetatik abiatuz.

Azaroaren 18an enkarterriko bertsolariak eta bertso titiriteroak elkartuko gara herrian, poteoa egingo dugu eta ondoren Sokrarenean afaltzea da asmoa. Hori izango dugu abiapuntu. Ordurako lonjetatik pasatuko gara, zirkuituan parte hartzeko proposatu eta gure zirkuituko geltokiak definitu. Beraz pentsaezina zirudiena gauzatzera goaz, gure bertoko ekosisteman, prefabrikatu gabeko giroan euskaraz aritzea. Honen parean ez du hainbeste garrantzi errimaren ortodoxiak, berdin zaigu kitarra flamenkoaz, biolon errumaniarraz edo perreo baseekin aritzea. Badoa aurrera meatzaldea euskalduna, gure estilo propioan, kolonizatutako lurretan, bertso gerrilla martxan doa street oi kaleetako ke artean!