Pages

2011-02-08

VUELVEN LAS CARRASCOLIENDAS: Trapagarango inauteri herrikoia.

Las Carrascoliendas, horrela deitzen ziren espainiako gerra baino lehen (1930 aldean) gure herrian egiten zituzten inauteriak. Herriko nagusienei galdezka aritu gara eta kontatu digute haien begiez ikusi zutena. Primo de Riveraren diktaduratik aurrera ahuldu zela ohitura, frankismoan erabat debekatu zuten eta hor desagertu zela. Ordutik ez da gehiago egin gure herrian. Orain martxoaren 12an berriz kalera aterako dira carrascoliendas kantuak. Izan ziren carrascoliendas zaharrak oinarri XXI.mendeko carrascoliendas berriak aterako ditugu kalera.

Nola egiten zuten?
Inauteri ostegunez oilar beltz bat lagun zutela, Trapagarango mutilak etxez etxe kantuan joaten ziren, eskean. "Ya llegaron las carrascoliendas seƱoras mujeres es lo que se estila..." hasten ziren. Goizean etxez etxe ibili ondoren jasotako apurrekin bazkaria egiten zuten guztiok elkarrekin. Hala egiten zuten Lutxana, Errekaortu, Ugarte, Trapaga, Escontrilla eta Uriosten behinik behin.

Ondoren inauteri igandez mozorrotu egiten ziren, batzutan neskak mutilez eta mutilak neskez. Auzoko etxera joan eta tostadak jan. Herri batzutan dantzaldiak egoten ziren plazan. Eliza ordea ohitura hauen kontra zegoen eta poliki poliki ahulduz joan ziren frankismoan debekatzeraino.



Zer egingo dugu?
Inauteri zaharra oinarri hartuta XXI.mendera moldatuko dugu. Inauteri zaharrek herria zuten oinarri, etxea, etxekoak eta harremanak. Horregatik ibiliko gara auzoz auzo. Zaballatik hasita, Ugarte, Elgero eta San Gabrielera.

Inauteri dantza errez bat ere asmatu dugu, "Trapagarango inauteri dantza". Las carrascoliendas kantatuko dugu, baina orain berriz ere gazteak euskaldun gara, eta herriko bertsolarien ahotik helduko dira auzoetako afera eta istorioen berri plazara. Auzokoekin jan-edan, kantu-dantza egin ondoren hurrengo auzora joango gara. Elkarrekin bazkaldu eta arratsaldean berriz aterako gara kalera, oraingoan Trapagaranen.

TRAPAGARAN: Herri bat izan nahi
Ez dugu sustrairik, ez dugu errorik. Bizi iraun gintuen meatzeak erabat zartarazi zituen gure lur paisaiak. Gero industrializazioak herriak azkar-azkar hiri bihurtu eta izugarrizko gizarte aldaketa ekarri zuen. Azken eraldaketak ekarri dizkigu Max Ocio, Megapark eta halako pila. Gizartea berriz aldatu da, harremanak, abiadura, tratua. Ez ditugu gure herriko auzoak ezagutzen, gainera baztertuta, ez da bertan ekintza kulturalik egiten. Harreman sarea berrosatu behar dugu. Elkar ezagutu, gazteen artean, zahar eta gazteen artean. Loturak sortu, nor garen berreskuratu.

Eskaintzen diguten plastikozko mundutik kanpo gure herria bizi nahi dugu. Musikaz, dantzaz, kantuz, lagunez, auzoz auzo, etxez etxe. Espontaineitatea eta sorkuntza, kalea auzotarrentzat irabazi. Murgildu, izan, sentitu eta bizi. Hortara goaz, hortan gaude. ANIMATU eta PARTE HARTU!

Ensaioak
Astelehena 19:00-20:30 San Gabrielgo capillan

Asteartea 18:30-20:00 Gaztetxean

Asteazkena 18:30-20:00 San Gabrielgo capillan

Ostirala 19:00-21:00 Gaztetxean


INFO+: http://euskalherria.indymedia.org/media/2011/02//72201.pdf