Ongi etorri 2011! Urte berria etorri da, zaharra joan. Harekin batera balorazioak, politikoen deklarazioak, eguberritan ere Olentzero, Pirritx eta Porrotxen mezua eta espainiako erregearen matraka. Zer eskatu urte berriari? Egunkarietako balorazioetan azaldu denez, 2010.urtea natur katastrofeetan azken hamarkadetako txarrena izan da, klima aldaketaren eragina hasi omen da agertzen, hegoaldeko herrialdeak kolpatuz nagusiki.
Langabetuen kopuruari begiratuta, Bizkaian %4 egin du gora langabeziak abenduan eta guztira 178.973 langabetu daude Hego Euskal Herrian. Gainera azken urteotako ildoari jarraiki kontsumo prezioen indizea KPI %2,9 igo da langileen soldatak %1,3 igo diren bitartean.
Trapagaranen segitzen dugu hamaika proiektutan murgilduta, egiazko herri bizi baten bidean urratsak emanez. Izan euskal kulturgintzan Trapagarango bertso eskola sortzeko ahaleginean, izan herrigintzan lonjen arteko gazteen sarea dinamizatuz eta indartuz, edo herriko inauteri zaharra berreskuratu eta berrasmatuz. Bikote, lagun talde edo norbanako proiektutan bagoaz independentziarantz gurasoen etxetik alde egiteko ahaleginean. Ikasketetan jarraitzen dugu buru belarri edo gure herri inguruan lana bilatzeko ahaleginean.
Espainiako gobernuak aldiz jarraitzen du Espainiako enpresario zirkuluaren erabakiei kasu egiten. Lan erreforma onartu zuten aurreko urtean (langileen eskubideen bizkar, despidoak merketuz zein ebentualitatea erraztuz...). 2011erako ere Zapaterok badu proiektua eta jubilazio erreforma onartu nahi du: 67 urte bitartean jendea lanean mantendu eta pentsioak jaitsi. Horregatik euskal sindikatuek greba orokorra deitu dute urtarrilaren 27rako.
Urteak badoaz, urteak badatoz, gizarteko arazoek, sektore ezberdinen arteko interes borrokek, nahiek eta ametsek bere hortan diraute. Handiak beti handiago, guk aldiz gure txikian gelditu gabe, astiro, baina atzera zentrimeto bat bera ere eman gabe inurriak bezala dihardugu elkarlanean. Amesten dugun herri berriari egunero atea irekiz: Trapagaran bizi, sortzaile, dinamiko, euskaldun eta herrikoieratz. Hurbilago gaude. Ongi etorri 2011.