Pages

2010-09-13

LAGORRIGAko JAIA larunbatean: PIRATAK eta BIKINGOAK

Urtero bezala iraileko 3. larunbatean LAGORRIGAko jaia egingo da. Hamarkada bat baino gehiago badirauen jai honek bere bidea egin du eta inguruan sustraitu dela esan dezakegu. Jendeak bere egutegian sartu du LAgorrigako hitzordua eta urtero urtero faltarik egin gabe hara agertzen da, elkartu, dantzatu eta irri egin.

Autogestioa da Lagorrigako jaiaren oinarri, beraz badu PIRATA airea. Udalaren laguntzarik gabe, libre, mendian antolatzen dute jaia auzokide eta lagunek. Leku bitxia da Lagorriga, hara joan garenontzako leku kuttuna eta berezia. Arboledako kanposantuaren atzekaldean, muinoz inguratua, Eretza tontor goren eta Arnabal aintzira bazterrean, haizea bera entzun daitekeen gotorleku paregabea da. Sakonune batean kokatzen da. Mendibil mendiaren azpiko meatoki bateko ahoan. Jaia egiten den zabalgunea meatokiko soberakinez eginiko lautada artifiziala da eta bertatik irteten da Errekatxora jaisten zen burdina garraiatzeko trenbidea. Lagorriga Arnabal inguruan gizakia aspalditik ibili bada ere (artzaiak eta abeltzainak) XIX.mendearen bigarren aldian jasan zuen inguru horrek aldaketa izugarria. Luchana Mining Company burdin enpresen eskutik inguru guztia goitik bera mugitu, zulatu eta zartatu zen eta alde horretan auzoak sortu ziren, Lagorriga, Arnabal edo Barrietas (1889) bezalako meatzari auzoak. Horregatik oraindik orain, bertara joan eta paraje bitxi horretan 4 etxe soilik ikusten ditugun arren, asko dira gure herrian esaten dutenak: Yo nací en Lagorriga edo nire gurasoak, edo nire aitite amamak...
Berezia da Lagorriga eta berezia Lagorrigako jaia. Euskal erromeria itxura izaten du batetik, BIKINGO festa itxura bestaldetik. Jan, edan eta borrokak eta ondoren beti lagun! Inguruko elkarteen laguntzaz, dantzak, harrizulatzaileak, artzai txakurrak, idiak, aizkolariak, inguruko musika talde lokalak, sokatira.... izaten dira. Alde gastronomikoak ere badu bere pisua, marmitako, tortila erraldoia, sardinak edo indabada. Urteroko ekipoak eta adiskideak Matu´s orchest, errekatxoko peña, Larreinetako erraldoiak, Txomin´s putxera´s band eta beste hamaika. Ibarreko jendea (Urioste, Ortuella, Trapagaran, Sestao...) eta mendiko lagunak (Larreineta, Arboleda eta Lagorriga...) elkar harturik, herri kiroletan, bazkarian, sokatiran, dantzan, boloetan jolasten zein txosna txandetan.Paraje zoragarrian, herria, harremanak eta lagunak. Bikingoak soberan izanik, ez da Bustamanterik behar gurean, meatzaldeko bihotzean, meatzaldea bihotzean. Bere barrenera murgildu nahi baduzu, sentitu eta ezagutu. larunbatean etorri besterik ez duzu. LAGORRIGAKO JAIA: PIRATAK eta BIKINGOAK.